Gazta egiten ikasi, elkarregaz bazkaldu eta Idiazabalaren sekretuak ezagutu, Leioako Zaporeaken

Izaro Garcia

Bazkariak 20 euroko prezioa izango du eta 45 lagunentzako lekua egongo da. © LEIOAKO UDALA

Sukaldearen bueltan elkartzeko beste aitzakia bat izango dute leioaztarrek urriaren 4an. Leioako Zaporeak ekimenaren hirugarren hitzorduak gazta egiteko tailerra, bazkaria eta Idiazabal gaztaren inguruko hitzaldia batuko ditu Errotaondo Txokoan. Leioaren 500. urteurrenaren barruan antolatu dute jardunaldia, eta jarduera batzuetarako aldez aurretik izena eman beharko da.

Eguna etxeko txikienek zabalduko dute. 13:00etatik 14:00etara, gazta zelan egiten den ikasteko tailerra egingo dute, 5 urtetik gorako ume leioaztarrei zuzenduta. Umeek heldu bategaz joan beharko dute, eta modu praktikoan ezagutuko dute gazta egiteko prozesua. Tailerra doakoa izango da, baina plazak mugatuak direnez, irailaren 30a baino lehen eman beharko da izena 500urte@leioa.eus helbidera idatzita.

Bazkaria 15:00etan hasiko da, eta lau platereko menua prestatu dute: txanpiñoiak Pedro Ximenez ardo-murrizketagaz; Goiherriko tomatea burrata eta pestoagaz; itsaskiz betetako legatza saltsa amerikarrean; eta, amaitzeko, pantxineta txokolate beroagaz. Ardoa eta kafea ere sartuko dira menuan.

Bazkariak 20 euroko prezioa izango du eta 45 lagunentzako lekua egongo da. Parte hartu gura dutenen 500urte@leioa.eus helbidera idatzi beharko dute; antolatzaileen erantzuna jaso ostean egin ahal izango dute ordainketa transferentzia bidez.

Idiazabal gazta, gertutik

17:00etan Idiazabal gaztaren inguruko hitzaldia eskainiko dute, eta Idiazabaldik etorritako hizlari batek produktuaren inguruko ezagutzak eta berezitasunak partekatuko ditu bertaratutakoakaz. Saioa doakoa izango da, ez da izena eman beharko eta lekua bete arte sartu ahal izango da. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun