50. URTEURRENA

Gure Ohiturak: "Jendeari erakutsi behar diogu beraiek ere honen parte direla"

Izaro Garcia

Gure Ohiturak ere Leioagaz zein gizarteagaz batera aldatu da. © GURE OHITURAK DANTZA TALDEA

Mende erdia bete du Gure Ohiturak dantza taldeak. 1976an eman zituen lehen pausoak, 1962an sortutako txistulari taldearen bidetik, eta ordutik belaunaldiz belaunaldi aritu da euskal dantzak eta ohiturak bizirik mantentzen. 50 urteko ibilbidea ospatzeko, irailaren 26an hainbat belaunaldi elkartuko dituzte herrian.

1976a aldaketa garaia izan zen. Franco hil berria zen, eta urte luzez isilarazitako euskal kultura kalean bere lekua berreskuratzeko bidea egiten ari zen. Testuinguru hartan eman zuen Gure Ohiturakek ordura arteko ibilbidea betiko aldatuko zuen pausoa; hau da,  1962an sortutako txistulari taldeari dantza taldea gehitu zioten.

"Aldarrikapen txiki bat izan zen, oihu bat eta aurrerapauso bat: hau gara gu eta hauek dira gure ohiturak", gogoratu dute taldeko kideek. Izan ere, euskal kultura askatasunez kaleratzea ez zen beti erraza izan: "Emanaldiren bat egin eta korrika alde egin behar izan genuen, egiten ari ginena gustuko ez zuen jendea zegoelako".

Mende erdia igaro da ordutik, eta Gure Ohiturak ere Leioagaz zein gizarteagaz batera aldatu da. Hasierako urteetan, dantzariek Mesedetako ikastetxean egiten zituzten entseguak; gerora, espazio hori utzi behar izan zuten, eta urteotan hainbat lekutatik igaro dira. Baina entsegu-lekuak ez dira aldatu diren bakarrak; hots, dantza bizitzeko eta taldeagaz harremantzeko moduak ere bestelakoak dira gaur egun.

Taldeko kideen arabera, garai batean dantzarekiko konpromisoa handiagoa zen, neurri batean gaur egun ume eta gazteek dituzten aukera zein eskolaz kanpoko jarduera ugariak ez zeudelako. Horregatik, urteak betetzeaz gain, belaunaldi berriei lekukoa ematea ere bada erronka: "Badirudi herrian beti egongo dela dantza talde bat, baina horretarako jendea behar da. Dantzaririk, txistularirik eta pertsonarik gabe ezinezkoa da honek aurrera egitea".

Baina transmisioa ez dute dantza taldearen barrura mugatu gura. Haien ustez, dantzak oholtzatik jaitsi eta berriro ere herritarren artean hartu behar du lekua. Garai bateko kaleetako jota lehiaketa informalak dituzte gogoan; izan ere, edonork parte har zezakeen, adina, janzkera edo dantza-maila edozein izanda ere. Dantza ikusteko zerbait ez ezik, egiteko eta partekatzeko zerbait ere badela aldarrikatu dute: "Jendeari erakutsi behar diogu beraiek ere honen parte direla, edo izan daitezkeela".

Horretan dihardute gaur egun ere. Dantza plazak eta herriko ekitaldiak antolatzen zein horietan parte hartzen dute, beste talde batzuekaz elkarlanean aritzen dira eta Euskal Herritik kanpoko taldeekaz ere dantza-trukeak egiten dituzte. Besteak beste, Carteseko talde bategaz eta Galiziako Agrocovo taldeagaz partekatu dituzte dantzak, plazak eta esperientziak.

Orain, baina, atzera begiratu eta egindako bidea ospatzeko garaia da. Irailaren 26an, Gure Ohiturakek 50 urteko ibilbidea ospatuko du Leioan. Egitarauaren xehetasun guztiak oraindik ez dituzte argitu, baina helburua garbi dute: urteotan taldearen parte izan diren belaunaldiak berriro elkartzea.

Duela 50 urte aldarrikapen txiki eta aurrerapauso gisa hasi zen hark bizirik jarraitzen du. Irailaren 26an, iragana eta oraina plaza berean elkartuko dira, eta Gure Ohiturakek ondoen dakien moduan ospatuko du mende erdia: dantzan. 

Arimen Gaua

Dantza oholtzatik harago eramateko ahalegin horren adibideetako bat da Arimen Gaua. Azken urteotan, dantza taldeak hitzordu horretarako ikuskizun berezia prestatu du Leioan, euskal kultura eta tradizioak herritarrengana hurbiltzeko asmoz. "Dantzaren eta musikaren bidez, gure historiaren eta ohituren parte diren elementuak berreskuratu eta belaunaldi berriei transmititzeko beste modu bat da"; kanpotik etorritako ospakizunen aurrean, bertakoa ezagutu, balioan jarri eta bizirik mantentzeko ahalegina.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun