Oraingoz, ez dago erabakita zer erabilera zehatz izango duen eraikinak. Hitzarmena sinatzea izango da lehen pausoa, eta datozen hilabeteetan zehaztuko dute zer zerbitzu eta jarduera eraman daitezkeen bertara. Horretarako, Udalaren beharrak ez ezik, Lamiakoko eta Leioako elkarteek zein herritarrek egindako eskaerak ere kontuan hartuko dituztela azaldu dute.
Aukeren artean daude udalaren kultura- eta kirol-eskaintza zabaltzea, herriko elkarte eta kolektiboei jarduerak egiteko lekua eskaintzea edota ikasteko gelak, irakurketa-guneak eta liburutegia sortzea. Udalak dioenez, proposamen horietako batzuk auzoko bizilagunek eurek eskatu dituzte.
Eraikin berriak udal-zerbitzuak berrantolatzeko ere balio dezake. Gaur egun toki ezberdinetan egiten diren jarduera batzuk espazio berean batzeko aukera ikusten du Udalak, eta horrela lokal berriak alokatu edo higiezinak erosi behar izatea saihestu liteke.
Iban Rodriguez alkateak helburua urteetan auzoarentzako erreferentzia izan den eraikina hutsik ez geratzea dela nabarmendu du: "Bizitza berria eman nahi diogu, erabilera berrietara ireki eta berriro ere bizilagunentzako topagune bihurtu nahi dugu".
Mendibileko jarduerek jarraipena izango dute
Udalbatzak Mendibileko ikastetxe zaharraren inguruko beste erabaki bat ere hartu du. Kasu honetan, ez dute erabilera berririk asmatu behar, hainbat jarduera egiten baitira dagoeneko bertan. Horregatik, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzari baimena eskatzea onartu dute, eraikina udal-erabileretarako erabiltzen jarraitu ahal izateko.
Besteak beste, Emakumeen Jabekuntza Eskolak eta APNABIk erabiltzen dituzte gaur egun instalazioak, eta kultura-, kirol- eta udal-jarduerak ere egiten dira bertan. Udalaren asmoa erabilera horiei egonkortasuna ematea da, behin eta berriro hitzarmen berriak sinatu behar izan barik.
Udalbatzak bi proposamenak aho batez onartu ditu.