Etxebizitzaren arloan dago aldaketarik nabarmenetako bat. Orain arte, hutsik zeuden etxebizitzei %50eko errekargua aplikatzen zitzaien Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ); 2027tik aurrera, berriz, %150ekoa izango da. Araudiak baimentzen duen gehieneko errekargua da. Udalaren kalkuluen arabera, Leioan 1.000 etxebizitza inguru daude hutsik, herriko etxebizitza guztien %7 inguru.
Dena den, errekargua ez zaie hutsik dauden etxebizitza guztiei automatikoki aplikatuko. Araudiak hainbat salbuespen jasotzen ditu; esaterako, mendekotasunagatik jabeak egoitza batera joan behar izan duenean, etxebizitza bizigarri ez dela deklaratu denean edo lana zein ikasketak direla medio titularra aldi baterako beste toki batera joan denean.
Alokatzea sustatzeko hobaria
Txanponaren beste aldean, etxebizitza alokairu publikora ateratzeko pizgarri berria egongo da. Bizigune edo ASAP bezalako Eusko Jaurlaritzaren programetara bideratzen diren etxebizitzek OHZren %99rainoko hobaria jaso ahal izango dute. Helburua hutsik dauden etxebizitzetako batzuk merkatura ateratzea eta eskaintza handitzea dela azaldu du Udalak.
Hala ere, hobari eta udal-laguntza horiek ez dituzte jabe handi guztiek eskuratu ahal izango. Multzo horretan sartuko dira bizitegi-erabilerako hamar higiezin urbanotik gora dituztenak edo bizitegi-erabilerako 1.500 metro koadro eraiki baino gehiago dituztenak.
Etxebizitzari lotutako neurriak EAJren, PSE-EEren eta Podemosen aldeko botoakaz onartu dituzte; EH Bilduk eta PPk kontra bozkatu dute.
Gehienez 6,50 euro gau bakoitzeko etxebizitza turistikoetan
Beste berrikuntza nagusia Turismo-egonaldien gaineko Zerga izango da; izan ere, Leioak lehen aldiz sartuko du bere zerga-ordenantzetan, Bizkaian aurten onartutako foru-arau berriaren ondorioz. Zerga 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.
Zenbatekoa ostatu motaren arabera aldatuko da. Etxebizitza turistikoek izango dute tasarik handiena: 6,50 euro egonaldi-unitateko. Lau izarretako hoteletan 4,50 eurokoa izango da; apartamentu turistikoetan, 3,50 eurokoa; hiru izarreko hoteletan, 3 eurokoa; eta kanpinetan, 1,75eurokoa, besteak beste. Pertsona eta egonaldi jarraitu bakoitzeko gehienez sei egonaldi-unitate zenbatuko dira.
Gaur egun, 32 ostatu turistiko eta 351 plaza daude udalerrian: 28 etxebizitza turistiko, 127 plazagaz; erabilera turistikoko logelak dituzten hiru ostatu, zortzi plazagaz; eta lau izarreko hotel bakarra, 216 plazagaz.