Sorgina Txirulina seigarren urtez egingo dute, eta batez ere euskaraz ez dakiten gurasoei zuzenduta dago. Ipuin-kontaketen eta tailerren bidez, etxeko txikienen laguntzagaz euskarazko hitz eta esamolde errazak ikasteko aukera izango dute helduek.
Lehenengo hitzordua urriaren 2an izango da, Xalala Riki Riki proposamenagaz. Ondoren, azaroaren 6an eta abenduaren 4an egingo dituzte saioak, hilabeteko lehen barikuan. Programak 2027an ere jarraituko du, jarduera berriakaz.
Zirkuan ere, euskaraz

Familian Euskaraz programa, berriz, euskaraz dakiten eta aisialdian ere hizkuntza erabiltzeko aukera gehiago izan gura duten familiei zuzenduta dago. Kasu honetan, lehenengo saioa urriaren 16an egingo dute: Zirkugintza taldeak Zirkua Familian tailerra eskainiko du. Hurrengo hitzorduak azaroaren 20an eta abenduaren 18an izango dira.
Tailerrak osorik euskaraz egingo dituzte, baina antolatzaileek ez dela euskara-maila jakinik eskatuko argitu dute: jardueran euskaraz aritzeko gogoa izatea nahikoa izango da.
Saio guztiak Kultur Leioan, 17:30etik aurrera egingo dituzte. Umeek 5 eta 8 urte artean izan beharko dituzte, eta heldu batek (ama, aita edo tutoreak) eurekaz batera parte hartu beharko du jardueran.
Parte hartzea doakoa izango da, baina aurretik izena eman beharko da. Informazio gehiago behar dutenek euskarazerbitzua@leioa.eus helbidera idatzi edo 946 072 576 telefonora deitu ahal izango dute.