Leioako Udala zientzian eta teknologian diharduten emakume leioaztarren bila dabil

Izaro Garcia

Egutegian agertu gura dutenek urriaren 6a baino lehen eman beharko dute izena.

Laborategian, ikerkuntzan, ingeniaritzan, teknologia-enpresa batean... Zientziaren edo teknologiaren munduan lan egiten duten emakume leioaztarrak izango dira 2027ko udal-egutegiko protagonistak. Leioako Udalak parte hartzeko deialdia zabaldu du, eta interesa dutenek urriaren 6ra arte eman ahal izango dute izena.

Urtero bezala, Leioako Udalak herriko emakumeak lehen lerrora ekarriko ditu egutegiaren bidez. Edizio bakoitzean esparru bati erreparatzen dio; aurreko urteetan, besteak beste, kirolean eta ekintzailetzan aritutako emakumeak izan dira protagonista, eta aurten zientziaren eta teknologiaren txanda izango da.

Egutegiaren bidez, arlo horietan lan egiten duten emakumeen ibilbideak eta ekarpenak ezagutarazi gura dituzte, eta, aldi berean, belaunaldi gazteenei gertuko emakume erreferenteak erakutsi. Horretarako, Leioakoa izan edo udalerrian bizi eta zientziagaz edo teknologiagaz lotutako esparru batean profesionalki lan egiten duen edozein emakumek parte hartu ahal izango du.

Egutegian agertu gura dutenek euren datuak eta harremanetarako telefono-zenbakia edo helbide elektronikoa bidali beharko dituzte berdintasuna@leioa.eus helbidera, urriaren 6a baino lehen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun