Leioak bere musika- eta dantza-memoria digitalizatu du

Izaro Garcia

Herritarrek bildutako altxorretako bat ikusteko aukera izango dute urriaren 3an.

Argazkiak, gutunak, kontzertu-programak, grabazio zaharrak, aldizkariak... Leioako musika eta dantzaren azken hamarkadetako historia osatzen duten milaka dokumentu berreskuratu dituzte. Udalak egindako ikerketa- eta artxibo-lanari esker, 10.000 dokumentu eta fitxategi inguru bildu, antolatu eta digitalizatu dituzte, guztira 253 gigabyte baino gehiago. Bilduma ERESBIL Musikaren Euskal Artxiboan gordeko dute, etorkizunean ere kontsultatu ahal izateko. 

Helburua ez da Leioako musikaren eta dantzaren historia osoa idaztea izan, urteetan pilatutako memoria gal ez dadin bermatzea baizik. Bildutako materialen artean soinu- eta ikus-entzunezko grabazioak, argazkiak, liburuak, kontzertu-programak, gutunak, memoriak eta bestelako dokumentuak daude. ERESBILen gordetzeaz gain, Leioako Udal Kontserbatorioak eta Udal Artxiboak funts osoaren kopia digital bana izango dute. 

Lan horrek azken hamarkadetan herriko musika-bizitza eraiki duten pertsona eta taldeei begiratzeko aukera ere eman du. Horien artean Leioako Udal Kontserbatorioa dago, 1985ean sortua. 41 urteko ibilbidean, musikari-belaunaldi ugari prestatu ditu, eta hainbat musika-talde eta proiektu sortzen lagundu du; horietako batzuek Leioatik kanpo ere jarraitu dute euren ibilbidea. 

50 urte atzera, pantaila handi baten bidez

Herritarrek bildutako altxorretako bat ikusteko aukera izango dute urriaren 3an, 19:00etan, Leioako Kontserbatorioko Auditoriumean. Leioa musikaz eta dantzaz ekitaldian ikerketa eta dokumentu-artxiboa aurkeztuko dituzte, Iban Rodriguez alkateak, Itziar Bilbao Kontserbatorioko zuzendariak eta Karmelo Sainz de La Maza alkate ohiak parte hartuta.

Ondoren, denboran atzera egiteko aukera izango dute bertaratutakoek: Leioako San Juan Bautista Abesbatzak 1976ko apirilaren 26an eskainitako kontzertu baten grabazioa proiektatuko dute. RTVEk duela 50 urte grabatutako emanaldia da, eta digitalizazio-lanaren bidez berreskuratutako ikus-entzunezkoetako bat. 

Egitasmoak urriaren 15ean izango du jarraipena, 19:00etan, San Juan Bautista elizan egingo duten bigarren ekitaldiagaz. Bi hitzorduak herritar guztiei irekita egongo dira, eta Leioaren 500. urteurreneko ospakizunen barruan antolatu dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun