Lehen hitzordua urriaren 11n, domekan, izango da. Parte-hartzaileak 11:00etan abiatuko dira Errekalde plazatik, Arboretum inguruan 6,53 kilometroko ibilbidea egiteko. Bi eta hiru ordu arteko iraupena izango du, eta bidean inguruko hainbat interesgune ezagutzeko aukera egongo da.

Lehenengoaren ostean, beste lau irteera egingo dituzte: azaroaren 15ean, Marinerri inguruan; otsailaren 14an, Santi Mami, San Bartolome eta San Juanetik; apirilaren 11n, Ondiz, Artatza, San Bartolome eta San Juanetik; eta maiatzaren 30ean, Pinosolo eta Artatza inguruan. Guztiak Errekalde plazatik abiatuko dira.

Bost ibilbide, bost zigilu
Aurtengo berritasunetako bat parte-hartzaileentzako erronka izango da. Ibilbide bakoitzak bere zigilua izango du, eta irteerak egin ahala horiek biltzeko aukera izango dute. Bost ibilbideak egin eta zigilu guztiak lortzen dituztenek opari bat jasoko dute programa amaitzean. Modu horretan, jarduera fisikoa egiteaz gain, herritarrak Leioako txoko ezberdinak ezagutzera animatu gura dituzte.