Cervantes plaza izango da lanen ardatz nagusietako bat. Gunea berrantolatu eta egoteko eremuak, haurrentzako jolasguneak eta oinezkoentzako ibilbideak bereiziko dituzte. Jolasgunea ere handitu eta berrituko dute, eta plaza Pinuetako jai eta bestelako jarduerak hartzeko prestatuko dute.
Aldaketak ez dira plazara mugatuko. Maiatzaren Bata eta Nafarroa kaleetan espaloiak zabalduko dituzte eta trafikoaren presentzia murriztuko dute, oinezkoen joan-etorriak errazteko. Era berean, berdegune gehiago sortzea aurreikusi dute, itzala eta freskotasuna emango duten espezieak landatuta. Gaur egun horma batek plazatik bereizten duen hegala ere eremu berrian integratuko dute, ezponda zabaldu eta plazagaz lotuta.
Lurpeko aparkalekua, azkenean ez
Proiektuaren hasierako aukeretako bat lurpeko aparkaleku bat egitea zen. Aukera hori, ordea, baztertu egin dute. Udalak azaldu duenez, egindako txosten teknikoek ez zuten gomendatzen, lurraren ezaugarriak eta beharrezkoa izango litzatekeen esku-hartzearen tamaina kontuan hartuta. Horren ostean, Udal Gobernuak eta Podemosek bestelako aukerak landu dituzte; izan ere, Pinuetako eraldaketa bien arteko aurrekontu-akordioaren barruan adostutako proiektua da.
Horrez gain, oraingo obrak Pinuetarako aurreikusitako eraldaketa zabalago baten lehen urratsa izango dira. Udalaren asmoa datozen urteetan lanak Xaho eta Orixe plazetara zein Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa kaleetako beste gune batzuetara zabaltzea da.