Txorierri eta Lamiako lotzen dituen igogailua urriaren erdialdean jarriko dute berriro martxan

Izaro Garcia

Otsaileko matxuraren ondoren martxan jarritako doako anezka-zerbitzuak lanean jarraituko du.

Otsailetik zerbitzutik kanpo dagoen Txorierri eta Lamiako arteko igogailua konpontzeko lanak hasi dituzte. Matxuratutako motor berria daborduko Alemaniatik iritsi da, eta Leioako Udalaren aurreikuspenen arabera, igogailua urriaren erdialdean egongo da berriro martxan. Ordura arte, bi auzoen arteko joan-etorriak errazteko doako anezka-zerbitzua mantenduko dute. 

Igogailua joan den otsailean matxuratu zen, motorrean izandako arazo baten ondorioz. Konponketa, ordea, espero baino gehiago luzatu da. Izan ere, ez da ohiko ordezko pieza bat: elkarregaz funtzionatzen duten hainbat osagaik osatzen dute sistema, eta ekipamendua oso espezifikoa da. 

Horri beste zailtasun bat gehitu zaio: motor mota hori ez dago normalean stockean, eta Alemanian eta Txinan baino ez dute fabrikatzen. Txorierriko igogailurako beharrezkoa dena Alemanian egin dute, eta fabrikazio- zein hornikuntza-epeek baldintzatu dute konponketaren iraupena. 

Behin motorra Leioara iritsita, konponketa lanak martxan daude. Esku-hartzea bukatutakoan, funtzionamendua eta segurtasuna bermatzeko beharrezko egiaztapen teknikoak egin beharko dituzte. Dena aurreikusitakoaren arabera badoa, urriaren erdialdean erabili ahal izango da berriro igogailua. 

Ordezko motor bat, gauza bera gerta ez dadin

Hilabete hauetako itxaronaldia berriro gerta ez dadin, Udalak mantentze-zerbitzuaren kontratazioa ere berritu du. Lizitazio berrian, enpresa esleipendunak ordezko piezak eskuragarri izateko betebeharra izango du, etorkizuneko matxurei azkarrago erantzuteko. 

Horrez gain, Udala igogailurako ordezko motor bat erosteko lizitazioa prestatzen ari da. Horrela, etorkizunean motorra berriro matxuratuko balitz, zuzenean ordezkatu ahal izango lukete, pieza berria fabrikatu eta kanpotik iritsi arte hilabeteak itxaron behar izan barik. 

Bitartean, otsaileko matxuraren ondoren martxan jarritako doako anezka-zerbitzuak lanean jarraituko du, Txorierriko bizilagunei Lamiakorako joan-etorriak errazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun