Goizetik izan da zer egin Boulevard-ean. Munduko zaporeak joko interaktiboa, henna, te, zeramika, marrazketa eta fruta-brotxeten tailerrak egin dituzte, besteak beste. Oporrak Bakean harrera-programa gertutik ezagutzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek. Eguerdia heltzeagaz batera, berriz, arrozak hartu zuen lekukoa; hau da, dastaketaren ostean, arroza herrikoia egin dute, mahaiaren bueltan elkartzeko.
Musikak eta dantzak ere ez zuten hutsik egin. Amazonas dantza-taldeak eta Sökolé taldeak girotu zuten jardunaldia, eta sari-banaketa ere egin zuten.
Mahai beraren bueltan
Janariaz eta jaiaz harago, aldarrikapenerako tartea ere egon zen. Manifestuaren irakurketan azaldu zutenez, arrozak badu oraingoan beste esanahi bat: «Elkar aurkitzeko, elkar hobeto ezagutzeko eta aniztasuna aberastasun gisa bizi duen komunitatea eraikitzen jarraitzeko aukera da».
Aurten, gainera, Munduko Arrozak Leioaren 500. urteurrenaren testuinguruan ospatu zuten. Hori dela eta, bizikidetza, inklusioa, elkartasuna eta pertsona guztiekiko errespetua jarri zituzten mahai gainean, bakoitzaren jatorria, kultura, erlijioa edo bizitza ulertzeko modua edozein dela ere.
Azken batean, arroza partekatzea izan zen elkar ezagutzeko abiapuntua. Egun batez, behintzat, Leioako Boulevard-a mahai handi bat bihurtu zen, herriko kultura eta errealitate ezberdinek elkarren ondoan esertzeko.