Itsasadarraren azpiko tunelaren obrak hasi aurretik berme zehatzak eskatu dituzte Leioan

Izaro Garcia

Obrak hasi aurretik, neurri prebentibo eta zuzentzaileak definituta, zehaztuta eta egiaztatuta egon behar direla aldarrikatu dute.

Lamiakoko itsasadarraren azpiko tunelaren obrek inguruko bizilagunengan eta ikastetxeetan izan dezaketen eragina berriro heldu da Leioako Udalera. Proiektuaren aurkako jarrerari eutsita, obrak hasi aurretik zarata, bibrazioak, airearen kalitatea eta segurtasuna kontrolatzeko neurriak zehaztuta egotea eskatu dute. Helburua, diotenez, Lamiako inguruko bizilagunak eta hezkuntza-komunitatea "babesik gabe" ez uztea da. 

Gaia Udalaren ezohiko osoko bilkuran landu dute. Kezka berezia dago Artaza-Romo institutuaren inguruan; izan ere, 70 irakaslek baino gehiagok euren kezkak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari, Lan Ikuskaritzaren esku-hartzea eskatu dute eta Romo Eskolako Eskola Kontseiluak ere eskaera horren alde egin du. Artaza-Romok, gainera, obrek izan ditzaketen eraginei eta aurreikusitako babes-neurriei buruzko informazioa eskatu du, baina oraindik ez du erantzunik jaso. 

Kezketako bat zarata da. Akustika eta Bibrazioen Azterketa berriak jasotzen duenez, neurri zuzentzaileak hartuta ere kalitate akustikoaren helburuak gaindituko lirateke zenbait kasutan. Horren aurrean, Interbiasek 3. eta 4. loteetako obra batzuetan helburu horiek aldi baterako etetea eskatu du. Eskaera egin dutenek salbuespen hori ezin dela obrek iraungo duten urteetarako "baimen generiko" bihurtu ohartarazi dute. 

Bibrazioak eta airearen kalitatea ere kontrolatzeko eskatu dute, bereziki aurreikusitako leherketak kontuan hartuta. Neurketak non eta zelan egingo diren, zein mugatik aurrera esku hartu beharko den eta arazoak antzemanez gero zer neurri hartuko diren obrak hasi aurretik argitzea gura dute. Emaitzak, gainera, bizilagunen eta ikastetxeen eskura egotea eskatu dute. 

Horretarako, Leioako Udalari Hezkuntza Sailari eta Bizkaiko Foru Aldundiari beharrezko informazioa galdegiteko, babes-neurrien jarraipena egiteko eta hezkuntza-komunitateagaz etengabeko harremana izateko eskatu diote. "Bermeak ez dira paperaren gaineko konpromisoak soilik", azpimarratu dute; neurri "zehatzak, egiaztagarriak eta zorrotz aplikatuak" gura dituzte obrak egiten diren bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun