Iaz abiatutako ekimenaren bigarren fasea da oraingoa. Helburua auzotarrek egunerokoan antzematen dituzten beharrak ezagutzea da, horiei irtenbidea emateko. Hala ere, proposamenak zehatzak izan beharko dira, eta Udalak obra txikietarako, matxurak konpontzeko eta bestelako hobekuntzetarako duen aurrekontuagaz gauzatzeko moduak.

Prozesua bi txandatan antolatu dute. Urriaren 12tik 25era, Leioandi, Elexalde, Iparragirre, Sabino Arana, Independentzia, Luis Bilbao Líbano, Lamiako, Txopoeta eta Ibaiondoko bizilagunen proposamenak jasoko dituzte. Urriaren 27tik azaroaren 9ra, berriz, Kandelazubieta, Iparragirre Zeharkalea, Udondo, Ondiz, Txorierri, Aketxe eta Begoñako Amaren txanda izango da.
Zelan parte hartu?
Auzotarrek hainbat aukera izango dituzte euren ideiak helarazteko: auzoetan jarritako postontiak, Udaleko eta Gaztelubideko Herritarren Arreta Zerbitzuak edo online galdetegia.
Gainera, Udalak informazio-guneak jarriko ditu auzoetan, herritarrek zalantzak argitu eta proposamenak egiteko aukera izan dezaten. Lehenengo hitzorduak urriaren 14an izango dira, 11:00etatik 14:00etara Euskal Etxeen Plazan (Izar Plaza) eta 16:00etatik 19:00etara Bidebarri bulebarrean. Hurrengo egunean, urriaren 15ean, Lamiakoko geltokian izango dira goizean, 11:00etatik 14:00etara, eta Txopoetako garbitegian arrastian, 16:00etatik 19:00etara.
Bigarren txandako informazio-guneak urriaren 28an eta 29an jarriko dituzte. Lehenengo egunean, Kandelazubieta kiroldegian izango dira 11:00etatik 14:00etara, eta Iparragirre zeharkalean 16:00etatik 19:00etara. Hurrengo egunean, berriz, La Carbonera aparkalekuan izango dira goizez eta Manuel Irujo plazan arrastiz, ordutegi berean.
Behin proposamenak jasota, udal-zerbitzuek aztertuko dituzte, zeintzuk diren bideragarriak erabakitzeko eta egin daitezkeen hobekuntzak aurrera eramateko.