Leioako Udalak 'Babestu' programaren protokoloak Kirol Kluben eskura jarri ditu

Laura Fontalba Colomo

Sakoneta kiroldegiaren harrera. © LEIOAKO UDALA

Programak kirolaren esparruan umeak babestea eta euren eskubideak urratzen dituen edozein egoera edo indarkeria prebenitzea eta detektatzea du helburu.

Babestu udal programak jarduera-protokoloak Kirol kluben esku jartzen ditu. Indarkeria-egoera bat agerian geratzen edo ahoz adierazten denean, protokolo horiek zer jarduera jarri behar diren abian eta egoera horien aurrean jarduteko bideak zehazten dute. Kode etikoa edo jokabide-kodea ez betetzeagaz lotutako egoerak hartzen dituzte barne, baita delitu izan daitezkeen ekintzak ere.

Protokoloak ezagutarazteko, Udalak Iñaki Alonsoren laguntza izan duela adierazi du. Izan ere, Alonso Europako Kontseiluko aditua da umeen aurkako indarkeriaren prebentzioan, eta
programaren garapenean Udalagaz elkarlanean ari den Kunina Sport and Education
enpresako zuzendaria ere bada. Beraz, bera izan da hainbat kirol-klubetako ordezkariei prestakuntza praktikoa eman diena. 

Indarkerien aurkako konpromisoa

Udalak adierazi duenez, kluben eskura Komunikazio-prozeduraren fluxu-diagrama jarri dute. Bertan, kirol-erakundeetan umeen babesaren aurka doazen gertakarien aurrean jarraitu beharreko urratsak zehazten dira. Gainera, Jarduera-protokoloaren eredu bat ere prestatu dute, kirol-erakunde bakoitzak "umeen babesarekiko konpromisoa hartu eta erantzuteko protokolo propioa izan dezan".

Protokoloen bidez, kirol-erakundeek, besteak beste, beren kirol- eta aisialdi- jarduerak "programatu eta diseinatzeko konpromisoa" hartzen dutela adierazi dute, "adingabeen eskubide eta askatasunen errespetuan, sexu- eta genero-aniztasuna, berdintasuna,
diskriminaziorik eza eta edozein indarkeria mota debekatzea barne", eta, era berean, "delitu izan daitezkeen indarkeria-kasuak agintari eskudunei jakinarazteko". 

Ildo berean, protokoloaren helburua erakundeek laguntza-eskaerei "azkartasunez eta eraginkortasunez" erantzuteko eta "biktimak edo indarkeriazko edozein jokabideren berri eman duten hirugarren pertsonak babesteko neurriak hartzeko" konpromisoa hartzea da. Gainera, protokoloak betetzen dituztela segurtatzeko, erreferentziazko pertsona bat izendatu beharko dutela azaldu dute, eta pertsona horri egoera horiek jakinarazi beharko zaizkiola, dagozkion neurriak abian jar ditzan. Lortu gura dutena protokoloak erakundeentzat lagungarriak izatea da. 

Esku hartzeko jarduerak

Udalaren arabera, lehenengo, babes-ordezkari bat izendatzea aurreikusten da, baita "laguntza-eskaera idatziz edo ahoz aurkezten denean eman beharreko erantzunaren epeak eta urratsak zehaztea" ere. Gainera, klubek kasuaren jarraipena egiteko konpromisoa hartu beharko dute, inplikatutako pertsonen "babesa" bermatuz eta datuen konfidentzialtasuna zainduz.

Ondoren, klubei helarazitako dokumentazioak txantiloiak ere jasotzen ditu, hala nola zereginen eta ekintzen kronograma, laguntza-eskaera egiteko inprimaki-eredua eta babes-ordezkariaren izendapen formala egiteko eredua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun