Ospakizunak urriaren 30ean, barikuan, hasiko dira, Leioa Egunagaz. 20:00etan, Artatza jauregian elkartuko dira herriko elkarteetako ordezkariak, urte osoan egiten duten lana aitortzeko. Musika-emanaldiak ere izango dira ekitaldian, eta Leioa Eguneko Saria banatuko dute.
Aurten, GAUDE elkarteak jasoko du aitortza. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak 45 urte daramatza adimen-desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei laguntzen, eta lotura estua dauka Leioagaz. Besteak beste, Donibane Zentro Okupazionala, Monte Ikea Eguneko Zentroa eta tutoretzapeko etxebizitza bat ditu udalerrian. Bizkaia osoan, 300 pertsona baino gehiagori eta haien familiei eskaintzen die laguntza.
Gaurko oroitzapenak, 25 urte barruko leioaztarrentzat
Hurrengo egunean, urriaren 31n, ospakizuna kalera aterako da. Goizeko 09:00etatik 14:00etara, Leioak altxor bat dauka ekimenaren barruan, familiek euren tuperrak entregatu ahal izango dituzte Udaletxe ondoko lurperatze-gunean. Euria egiten badu, Miguel Barandiaran Behekoa Institutuko patioan prestatuko duten karpan jasoko dituzte.
Tuper horietan, familiek gaur egungo oroitzapenak gordeko dituzte, 25 urte barru berreskuratzeko. Parte hartzeko aukera ere zabaldu dute: urriaren 15ean, 16an eta 17an, 2015etik 2020ra jaiotako umeek izango dute lehentasuna; urriaren 22an, 23an, 24an, 29an eta 30ean, berriz, 2012tik 2026ra jaiotakoek ere parte hartu ahal izango dute. Familia bakoitzak tuper bakarra jaso ahal izango du.
Eta ez dira objektuak bakarrik gordeko. Goizean zehar irratsaio parte-hartzaile bat ere egingo dute, umeek euren ahotsagaz gura duten mezua grabatu dezaten. Grabazio horiek ere denbora-kapsulan gordeko dituzte, etorkizuneko belaunaldiek gaur egungo Leioa nolakoa zen ezagutzeko aukera izan dezaten.
500 herritar, Leioaren 500 urteak irudikatzeko
20:00etan, Kultur Leioaren ondoko Errekalde plazan, Leioa Invisible ikuskizuna egingo dute, musika eta dantza uztartuta. Irailaren 19an Bidebarri Boulevardetik abiatu zuten atzerako kontaketa amaituko da bertan.
Ikuskizunaren amaieran, azken tuperrak modu sinbolikoan lurperatuko dituzte, eta denbora-kapsula itxi eta zigilatuko dute. Ekitaldian 500 leioaztarrek parte hartuko dute, herriaren historiako urte bakoitzeko pertsona bat irudikatuz.
Baina ospakizuna ez da hor amaituko. 21:00etatik aurrera, familientzako txokolate-jana egingo dute Bidebarri Boulevardean, eta Berakatz taldeak kaleak girotuko ditu 23:00ak arte. Ondoren, jaiak Ikea Barri plazan jarraituko du, erromeriagaz.