Gure Ohiturak eta Txikiak taldeek Dantza Plaza berezi bategaz ospatuko dute Leioaren 500. urteurrena

Laura Fontalba Colomo

500. urteurrenaren irudiaren aurkezpena. © LEIOAKO UDALA

Urriaren 23an, barikuan, Gure Ohiturak Dantza Taldeak eta Txikiak Dantza Taldeak Dantza Plaza berezia eskainiko dute elkarregaz. Folklore-saioaren ondoren, ospakizunek Pinuetan jarraituko dute, Leioari buruzko Trivial kaletarragaz.

Dantza Plaza arrastiko 19:00etan hasiko da Ikea Barrin, eta Udalak dioenez, Leioako herritar guztiei zuzendutako emanaldi berezia izango da, 500. urteurrena ospatzeko eta euskal ohiturak eta tradizioak balioan jartzeko helburuagaz. 

20:30etik aurrera, ospakizunak Pinuetara lekualdatuko direla aurreratu dute. Bertan, Trivial kaletarrak udalerriari buruzko ezagutzak partekatzeko eta proban jartzeko aukera eskainiko du. Jolasaren bidez, parte-hartzaileek Leioako "historiari, datuei eta bitxikeriei" buruz ikasteko aukera izango dute, modu dinamiko eta dibertigarrian.

Leioaren 500. urteurrena

Urriaren 30ean eta 31n ere hainbat ekitaldi egingo dituzte Leioaren 500. urteurrena ospatzeko. Hasteko, urriaren 30ean Leioa Eguna ospatuko da, 20:00etatik aurrera, Artatza jauregian. Udalaren arabera, ekitaldian, Leioa Egunaren saria Gaude elkarteari emango zaio, "urte luzez desgaitasun intelektuala duten pertsonei eta haien familiei laguntza eta arreta eskaintzen egindako lanagatik, baita aukera berriak sortzeko egindako ahaleginagatik ere".

Hurrengo egunean, urriaren 31n, urteurrenaren ospakizunak unerik berezienetako bat izango du, urteurrenaren data zehatza izango baita. Goizean, Leioa tiene un tesoro ekimenaren fase berri bat hasiko da, 9:00etatik 14:00etara, Udaletxearen inguruan. Arrastian, berriz, 20:00etan, Errekalde plazan, urteurreneko ekitaldi nagusia egingo da: Leioa Invisible ikuskizuna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun