Leioa zinemaren agertoki bihurtu da beste behin. Oraingo honetan, Artatza jauregia aukeratu dute Rafaela filmaren grabaziorako. Alba Lozanok zuzendutako lanak Rafaela Ybarraren historia eramango du pantaila handira, XIX. mendearen amaieran Bizkaian egindako gizarte-lanagatik nabarmendu zen emakumearen ibilbidea berreskuratuz.
Filma Euskadiko hainbat tokitan grabatzen ari dira, tartean Leioan. Istorioaren protagonista emakume eta neska zaurgarrienen alde egindako lanagatik izan zen ezaguna, eta haren bizitza eta konpromiso soziala izango dira pelikularen ardatz nagusiak.
Rafaela "Baleuko", "11 Varas", "100 Acres" eta "La Claqueta PC" ekoiztetxeen ekoizpena da, Belgikako Caviar ekoiztetxeagaz elkarlanean. Euskaraz filmatzen ari dira, eta EITBren eta RTVEren parte-hartzea du. Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketa ere jaso du egitasmoak.
Grabazioa dela eta, Iban Rodriguez Leioako alkatea, Estibaliz Bilbao Kultura zinegotzia eta Chelo Castellanos Ekonomia Sustapenerako zinegotzia Artatza jauregian izan ziren atzo goizean, urriaren 22an.
Udalaren arabera, filmaren grabazioak Artatza jauregia ezagutarazteko eta udalerriko ondare historiko eta arkitektonikoari ikusgarritasun handiagoa emateko aukera emango du.