Txorierri eta Lamiako lotzen dituen igogailua martxan da berriro

Txorierri eta Lamiako auzoen arteko joan-etorriak errazten dituen igogailua erabilgarri dago berriro.

Leioako Udalak jakinarazi duenez, gaur, urriak 23, udal-igogailuak zerbitzua berreskuratu du, motorreko matxura konpondu eta beharrezko egiaztapen teknikoak amaitu ostean. Bitartean martxan egon den ordezko autobus-zerbitzuak domekara arte jarraituko du.

Txorierri eta Lamiako auzoen arteko joan-etorriak errazten dituen igogailua erabilgarri dago berriro. Leioako Udalak konponketa-lanak amaitu dituztela jakinarazi du eta, beharrezko egiaztapen teknikoak egin ostean, igogailuak ohiko zerbitzua berreskuratu duela.

Matxura igogailuaren motorrean zegoen, eta hura konpontzeko Alemaniatik ekarritako osagai espezifikoak behar izan dituzte. Horrek konponketa-epeak luzatu ditu, Udalak azaldu duenez. Behin lanak amaituta, Txorierri eta Lamiako arteko lotura berrezarri dute, auzotarren eguneroko joan-etorriak errazteko.

Igogailua geldirik egon den bitartean, Udalak behin-behineko autobus-zerbitzua jarri du martxan, erabiltzaileen mugikortasuna bermatzeko eta matxurak eragindako eragozpenak arintzeko. Orain, igogailua berriro erabilgarri dagoenez, ordezko garraio-zerbitzua amaituko dute. Hala ere, autobusak urriaren 25era arte, domeka barne, martxan jarraituko du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun