Leioako Familia Gunea programak ume-masajea, jolas librea eta ipuinak eskainiko ditu

Onartutakoen zerrendak azaroaren 6an argitaratuko dituzte.

Leioako Udalak doako hiru jarduera antolatu ditu azaroan eta abenduan, 0 eta 6 urte bitarteko umeak dituzten familientzat. Saio guztiak Mendibile ikastetxe zaharrean egingo dituzte, eta izena emateko epea urriaren 28tik azaroaren 4ra egongo da zabalik.

Ume txikien hazkuntzan sortzen diren zalantzak partekatzeko, familian jolasteko edo ipuinen bidez elkarregaz gozatzeko aukera izango dute leioaztarrek datozen hilabeteetan. Izan ere, Leioako Udalak Familia Gunea programari jarraipena emango dio azaroan eta abenduan, 0 eta 6 urte bitarteko umeak dituzten familiei zuzendutako hiru proposamenegaz. Ume-masajea, psikomotrizitatea eta jolas librea, eta familian ipuinak entzuteko saioak eskainiko dituzte, guztiak doan.

Egitaraua ume-masajeko ikastaroagaz hasiko da, urtebetetik beherako umetxoak dituzten familientzat. Bost saio izango dira, azaroaren 18an eta 25ean eta abenduaren 2an, 9an eta 16an, eguaztenetan, 10:30etik 12:00etara. Masajea praktikatzeaz gain, txikien hazkuntzagaz eta familiako kideen arteko loturagaz zerikusia duten gaiak ere landuko dituzte.

Mugimenduak eta jolasak ere izango dute lekua programan. Psikomotrizitatea eta jolas librea lantzeko bi talde osatuko dituzte, haurren adinaren arabera. Helburua da txikienen garapena eta autonomia sustatzea, familian jolasteko eta elkarregaz egoteko tartea eskainiz.

Lehenengo taldea 12 eta 24 hilabete bitarteko haurrentzat izango da, eta azaroaren 10ean, 17an eta 24an eta abenduaren 1ean eta 15ean elkartuko da, martitzenetan, 17:00etatik 18:30era. Bigarrena, berriz, 24 eta 36 hilabete bitarteko umeei zuzenduta egongo da. Horiek azaroaren 13an, 20an eta 27an eta abenduaren 4an eta 11n izango dituzte saioak, barikuetan, 17:15etik 18:45era.

Azken proposamena ipuinak gustuko dituzten familientzat izango da. Abenduaren 10ean, eguenean, Bego Alabazanek ahozko narrazioko bi saio eskainiko ditu 3 eta 6 urte bitartekoentzat. Lehenengoa euskaraz izango da, 17:00etan, eta bigarrena gaztelaniaz, 18:00etan.

Jarduera guztiak Mendibile ikastetxe zaharrean egingo dituzte. 

Izen-ematea, urriaren 28tik azaroaren 4ra

Familia Gunea programan parte hartu gura dutenek urriaren 28tik azaroaren 4ra izango dute izena emateko aukera, bi egunak barne. Horretarako, Leioako Udalaren webgunea erabili ahal izango dute, edo aurrez aurre egin izapidea Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan, SAC01 edo SAC02 bulegoetan.

Parte hartzeko, familiek Leioan erroldatuta egon beharko dute izen-emate epea hasi baino gutxienez hilabete lehenagotik. Horrez gain, jarduera bakoitzerako ezarritako adin-baldintzak bete beharko dituzte.

Onartutakoen zerrendak azaroaren 6an argitaratuko dituzte. Eskainitako plazak baino eskaera gehiago jasotzen badituzte, egun horretan bertan egingo dute zozketa, 13:00etan, Kultur Leioan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun