Gabonetako oporretan etxean geratu barik, lagunakaz elkartu eta aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute Leioako gazteek. Izan ere, Udalak Gazte Negulekuak programaren edizio berri bat antolatu du, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzenduta. Jarduerak abenduaren 22an, 23an, 26an, 27an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an egingo dituzte.

Programaren helburua gazteei Gabonetako eskola-oporretarako aisialdi hezitzaileko aukera eskaintzea da. Saioak 10:00etatik 14:00etara izango dira, zapatuetan izan ezik; egun horietan, jarduerak 18:00ak arte luzatuko dituzte. Horrez gain, Gaztelekua arrastiz ere zabalik egongo da abenduaren 22an, 23an, 26an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, 17:00etatik 19:30era.
Guztira 30 plaza eskainiko dituzte, Leioan erroldatuta dauden gazteentzat. Udalak jakinarazi duenez, 2008 eta 2014 artean jaiotakoek eman ahal izango dute izena, bi urteak barne, baita 2026an 12 urte beteko dituztenek ere. Jarduerak euskaraz edo ele bitan egingo dituzte, familien aukeraren arabera.
Prezioari dagokionez, Kultur Leioako Lagun Txartela dutenek 30 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainerakoek, 45 euro.
Izen-ematea, urriaren 30etik azaroaren 13ra
Gazte Negulekuak programan parte hartu gura dutenek urriaren 30etik azaroaren 13ra izango dute izena emateko aukera. Eskaera udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dute, baita aurrez aurre ere, Leioako Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (Elexalde etorbidea, 1) edo Gaztelubideko bulegoan (Langileria kalea, 202).
Eskainitako 30 plazak baino eskaera gehiago jasotzen badituzte, zozketa publikoa egingo dute azaroaren 20an, 11:00etan, Aterpe Leioa Gaztegunean. Aurretik, behin-behineko zerrendak azaroaren 17tik 19ra kontsultatu ahal izango dira Gaztegunean bertan.
Azkenik, plaza lortzen dutenek azaroaren 21etik 28ra izango dute izen-ematea behin betiko formalizatzeko epea. Horretarako, ordainketaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.