Zer kontatuko zenieke 25 urte barruko leioaztarrei? Nolakoa den gaur egungo Leioa, zeintzuk diren zure oroitzapenik kutunenak edo zer gustatuko litzaizukeen etorkizuneko belaunaldiek jakitea? Horixe da «Leioak altxor bat du" ekimenaren proposamena: egungo bizipenak eta oroitzapenak gordetzea, 25 urte barru berriro aurkitzeko.
Leioaren 500. urteurrenaren harira antolatu dute egitasmoa, eta orain herritar guztiei zabaldu die parte hartzeko aukera Udalak. Izan ere, hasieran adingabeak dituzten familiei zuzenduta bazegoen ere, hemendik aurrera edozein adinetako leioaztarrek utzi ahal izango dute euren arrastoa denboraren kapsula honetan.
Parte hartzeko, herritarrek tupper edo plastikozko ontzi bat jaso beharko dute, eta barruan gorde gura dituzten oroitzapenak sartu. Argazkiak, marrazkiak, gutunak, mezuak edo etorkizuneko leioaztarrekaz partekatu gura duten beste edozer izan daiteke. Helburua egungo Leioaren irudi bat osatzea da, herritarren begiradetatik eta bizipenetatik abiatuta.
Ontziak urriaren 29an, eguenean, eta 30ean, barikuan, jaso ahal izango dira Pinosoloko baserrian eta Kultur Leioan. Eguenean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era egongo dira eskuragarri; barikuan, berriz, 10:00etatik 13:00etara.
Oroitzapenak lurperatzeko hitzordua, zapatuan
Behin ontziak prestatuta, urriaren 31n, zapatuan, entregatu beharko dira, Udaletxearen ondoan egokituko duten gunean. Horretarako, 09:00etatik 14:00etara izango dute aukera herritarrek. Lehenengo edukiontzia 12:00etan lurperatzea aurreikusi dute, eta azkena, 14:00etan. Gura duen edonor hurbildu ahal izango da une hori bertatik bertara ikustera.
Gainera, goiz osoan zehar parte hartzeko irrati bat ere egongo da. Bertan, herritarrek etorkizuneko belaunaldiei zuzendutako mezuak grabatu ahal izango dituzte, eta grabazio horiek ere denboraren kapsulan gordeko dituzte.
Zapatu goizean hurbildu ezin direnek beste aukera bat izango dute: prestatutako ontziak Kultur Leioan utzi ahal izango dituzte urriaren 30era arte, zentroaren ohiko ordutegian.
Ekimenaren bidez, Leioako Udalak herritarren oroitzapen, bizipen eta ikuspegi desberdinak bildu gura ditu. Horrela, udalerriaren 500. urteurrenean, gaur egungo Leioaren lekukotza utziko dute, hemendik 25 urtera berriro ezagutzeko.