Leioako adinekoen ongizate emozionala lantzeko doako tailerrak antolatu dituzte

Tailerrak doakoak izango dira, baina plaza kopurua mugatua izango da.

Azarotik martxora bitartean egingo dituzte psikologia positiboko saioak, Txorierri, Errekalde, Pinueta eta Lamiakoko adinekoen zentroetan. Jarduerak doakoak izango dira, baina plaza mugatuak izango dituzte.

Egunerokoan hobeto sentitzea eta norberaren ongizate emozionala zaintzea. Horixe da Leioako Udalak antolatutako psikologia positiboko tailerren helburua. Udalerriko adinekoei zuzendutako ekimena azaroan jarriko dute martxan, eta 2027ko martxora arte luzatuko da, Txorierri, Errekalde, Pinueta eta Lamiakoko adinekoen zentroetan.

Tailerren bidez, parte-hartzaileek eguneroko bizitzan erabil ditzaketen tresna errazak ezagutzeko eta lantzeko aukera izango dute. Izan ere, Udalak nabarmendu duenez, ongizate emozionala zaintzea garrantzitsua da bizitzako etapa guztietan. Horrez gain, jarduerek zahartze aktiboa sustatu eta adinekoek euren auzoetako zentroetan parte hartzeko aukera gehiago izatea bilatzen dute.

Saio guztiak goizez egingo dituzte, 10:00etatik 12:00etara, baina zentro bakoitzak bere egutegia izango du. Txorierrin, astelehenetan elkartuko dira: azaroaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean, eta abenduaren 7an. Gabonetako etenaldiaren ostean, otsailaren 1ean, 8an, 15ean eta 22an eta martxoaren 1ean, 8an eta 15ean jarraituko dute.

Errekaldeko adinekoen zentroan, berriz, martitzenetan egingo dituzte tailerrak. Lehenengo saioa azaroaren 3an izango da, eta hil bereko 10ean, 17an eta 24an ere elkartuko dira. Abenduan, 1ean eta 15ean izango dituzte hitzorduak; otsailean, 2an, 9an, 16an eta 23an; eta martxoan, 2an, 9an eta 16an.

Pinuetan, eguenetan izango dira saioak, azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an eta abenduaren 3an eta 10ean. Otsailean, 4an, 11n, 18an eta 25ean jarraituko dute, eta martxoaren 4an, 11n eta 18an amaituko dute egitaraua.

Azkenik, Lamiakoko adinekoen zentroan barikuetan elkartuko dira. Azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an eta abenduaren 4an eta 11n egingo dituzte lehen saioak. Ondoren, otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an eta martxoaren 5ean, 12an eta 19an izango dituzte gainerako hitzorduak.

Tailerrak doakoak izango dira, baina plaza kopurua mugatua izango da. Parte hartu gura dutenek edo informazio gehiago behar dutenek 609 335 950 telefono-zenbakira deitu dezakete, bertan izena emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun