Nolakoa izango da Leioa 25 urte barru? Eta zer pentsatuko dute orduko herritarrek gaur egungo leioaztarren oroitzapenak irakurtzean? Galdera horiei erantzuteko denbora beharko da oraindino, baina herriak daborduko etorkizunerako opari berezi bat utzi du: 1.700 tuper, barruan mezuak, bizipenak eta oroitzapenak dituztela.
Urriaren 31n egin zuten lurperatzea, Leioak altxor bat du ekimenaren barruan. Herriaren 500. urteurrena ospatzeko antolatutako jardueretako bat izan da, eta goizean goizetik hainbat familia eta herritar hurbildu ziren euren kapsulak uztera. Azken asteotan banatu dituzte 1.700 tuperrak Leioako familien artean, ahalik eta herritar gehienek ekimenean parte hartzeko aukera izan zezaten.
Bakoitzak bere erara bete du tuperra, etorkizunean berreskuratu gura dituen oroitzapenakaz. Orain, lurpean gordeta egongo dira datozen 25 urteetan, 2051n berriro zabaltzeko.
Lurperatzeaz gain, irrati parte-hartzaile batek ere girotu zuen goiza. Bertan, herritarrek euren ahotsa grabatzeko aukera izan zuten, bizipenak partekatzeko eta hemendik 25 urtera kapsulak berreskuratuko dituztenei mezuak bidaltzeko. Horrela, idatzizko oroitzapenez gain, gaur egungo leioaztarren ahotsak ere jaso zituzten.
Musika eta dantza, 500. urteurrena ospatzeko
Ospakizunak ez ziren goizean amaitu. Arrastian, Leioa Invisible ikuskizunak hartu zuen Errekalde plaza, Kultur Leioaren ondoan. Bertan elkartu ziren Leioa Kantika Korala, Andoni Aresti Landa Dantza Eskola, La Fabrica eta herriko hainbat elkarte.
Guztira, 500 lagunek parte hartu zuten ikuskizunean, Leioaren historiako 500 urteak irudikatzeko. Hala, herriko kultura eta tokiko talentua izan ziren urteurreneko ospakizunaren protagonistak.

Ikuskizunaren ostean, txokolate-jana eta musika-animazioa izan ziren Bidebarri bulebarrean, eta gauean, 23:00etatik aurrera, Altxa Porru erromeriak hartu zuen Ikea Barri.
Horrela, Leioak bere iragana eta oraina ospatu zituen, etorkizunari begirako oroitzapenak gordetzen zituen bitartean. 25 urte barru jakingo dute orduko leioaztarrek zer utzi dieten gaurkoek.