Leioako Udalak maitasun gutunen lehiaketa martxan jarri du

Gutunak Kultur Leioan entregatu ahal izango dira, zuzenean edo postaz.

Maitasun Gutunen XXVII. Lehiaketan parte hartzeko epea abenduaren 15era arte egongo da zabalik. Adin guztietako herritarrek aurkeztu ahal izango dituzte euren gutunak, euskaraz zein gaztelaniaz, eta kategoria bakoitzean 250 eta 125 euroko sariak banatuko dituzte.

Maitasuna hitzez adierazteko aukera izango dute aurten ere leioaztarrek. Izan ere, Leioako Udalak Maitasun Gutunen Lehiaketaren 27. edizioa antolatu du, herritarrak euren sentimenduak paperera eramatera animatzeko. Abenduaren 15era arte egongo da lanak aurkezteko aukera.

Lehiaketaren helburua idazketaren bidez sentimenduak adieraztea eta gutunek literatura-genero gisa duten balioa aldarrikatzea da. Parte hartzeko ez dago adin-mugarik, eta lau kategoria egongo dira: 25 urte artekoak, 26 eta 45 urte bitartekoak, 46 eta 65 urte bitartekoak eta 66 urtetik gorakoak.

Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dituzte. Irabazleak 250 euro, garaikurra eta diploma jasoko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, 125 euro, garaikurra eta diploma.

Bi gutun aurkezteko aukera

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi gutun aurkeztu ahal izango ditu, euskaraz edo gaztelaniaz. Lanek gehienez bi orrialde izan beharko dituzte, alde bakarretik idatzita, eta originalak zein argitaragabeak izan beharko dira. Gainera, ezin izango dute aurretik beste lehiaketarik irabazi.

Gutunak hiru aletan aurkeztu beharko dira, egilea identifikatzeko daturik gabe. Aurtengo oinarrietan, gainera, berariaz zehaztu dute ezin izango dela adimen artifizialik erabili gutunak sortzeko.

Epaimahaiak idazteko estiloa, testuaren garapena, aurkezpena eta originaltasuna hartuko ditu kontuan. Eskuz idatzitako gutunen kasuan, kaligrafia ere baloratuko dute.

Lanak abenduaren 15era arte aurkeztu daitezke

Gutunak Kultur Leioan entregatu ahal izango dira, zuzenean edo postaz, Jose Ramon Aketxe plazako 11. zenbakian. Gutun-azalaren kanpoaldean "Maitasun Gutunen XXVII. Lehiaketa" idatzi beharko da. Lanak aurkezteko epea abenduaren 15ean amaituko da, baina postaz bidalitakoek abenduaren 19ko zigilua izan ahalko dute, beranduenez.

Irabazleen izenak 2027ko otsailaren 13an egingo den sari-banaketan ezagutaraziko dituzte. Ekitaldia 18:30ean izango da, Kultur Leioan, eta saritutako gutunak irakurtzeko aukera ere egongo da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun