Leioako adinekoen ekarpena musika eta dantzakaz ospatuko dute

Topaketa irekia izango da, eta parte hartu gura dutenek ez dute aurretik izena eman beharko.

Leioako 500. urteurreneko ospakizunek aurrera jarraitzen dute, eta oraingoan herriko adinekoak izango dira protagonista. Azaroaren 22an, Jakinduriaren begirada topaketa egingo dute Kandelazubietako kiroldegian, 18:00etatik aurrera. Sarrera librea izango da, eta ez da aurretik izena eman beharko.

Musika, dantza, kafea eta, batez ere, elkarregaz egoteko aukera. Horixe da Leioako Udalak azaroaren 22rako prestatu duen plana. Herriaren 500. urteurreneko ospakizunen barruan, Jakinduriaren begirada izeneko topaketa antolatu dute, bereziki herriko adinekoei zuzenduta.

Hitzordua Kandelazubietako kiroldegian izango da, domekan, 18:00etatik aurrera. Arrastia girotzeko musika eta dantza izango dira, baina antolatzaileek argi utzi dute helburua ez dela ikuskizun bat eskaintzea bakarrik. Aspaldiko ezagunakaz berriro elkartzeko, lasai berba egiteko eta elkarregaz arrasti atsegina pasatzeko aukera eskaini gura dute.

Izan ere, 500 urteko historia ez dute eraikinek eta kaleek bakarrik osatzen. Herritarrek ere badute zer kontatu, eta horixe nabarmendu gura du Udalak ekimen honen bidez. Urteetan zehar Leioaren eguneroko bizimoduan parte hartu duten pertsonen esperientziari eta jakinduriari lekua egin gura diete, herriaren bilakaeran izan duten ekarpena aitortzeko.

Horrela, urteurreneko egitarauak beste hitzordu bat izango du azaroan, oraingoan adinekoen inguruan antolatuta. Topaketa irekia izango da, eta parte hartu gura dutenek ez dute aurretik izena eman beharko. Nahikoa izango da azaroaren 22an, 18:00etan, Kandelazubietako kiroldegira hurbiltzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun