Etxebizitza hutsak alokairuan jartzea eta herritarrek etxea eskuratzeko aukera gehiago izatea. Helburu horregaz, Leioako Udalak Leioako Etxebizitza Aktiboa 2026 diru-laguntza deialdia onartu du. Guztira, 80.000 euroko hasierako aurrekontua izango du egitasmoak, eta bi laguntza mota eskainiko dituzte, etxebizitza alokatzeko aukeratutako bidearen arabera.
Lehenengo aukera Bizigune programa publikoari lotuta dago. Alokabidek kudeatzen duen programa horren esku etxebizitza gutxienez sei urtez uzten duten jabeek 6.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izan dute etxebizitza bakoitzeko; hau da, urteko 1.000 euroren baliokidea. Horretarako, Alokabidegaz gutxienez sei urteko usufruktu-kontratua sinatuta izan beharko dute, eta etxebizitza programaren esku jarri.
Bigarren aukera, berriz, etxebizitza merkatu librean alokatu gura duten jabeei zuzenduta dago. Kasu honetan, ohiko merkatuko prezioa baino alokairu merkeagoa ezartzea izango da baldintza nagusietako bat. 75 metro koadroko edo gutxiagoko etxebizitzen jabeek 2.500 euro jaso ahal izango dituzte, eta azalera hori gainditzen dutenek, 3.000 euro.
Dena den, laguntza horiek jasotzeko hainbat baldintza bete beharko dira. Etxebizitza gutxienez bost urtez alokatu beharko da ohiko bizileku gisa, eta hileko errentak ezin izango ditu 800 euroak gainditu 75 metro koadroko edo gutxiagoko etxebizitzetan. Handiagoetan, ordea, gehienezko prezioa 850 eurokoa izango da. Horrez gain, legezko fidantza Bizilagun zerbitzuan gordailutu beharko da, eta kontratuak berariaz debekatu beharko du gelak azpierrentatzea.
Eskaerak, abenduaren 2ra arte
Bi laguntza lerroak Leioan etxebizitza baten jabe diren pertsona fisikoei zuzenduta daude. Horretarako, etxebizitza dagokion programan sartzea edo alokairu-kontratua formalizatzea 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 2ra bitartean egin beharko da. Eskatzaileek, gainera, zerga-betebeharrak eta, dagokionean, Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte.
Eskaerak azaroaren 6tik abenduaren 2ra aurkeztu ahal izango dira, Udaletxeko edo Gaztelubideko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan (HAZ), baita legez gaitutako gainerako erregistroetan ere. Administrazioagaz elektronikoki harremanak izatera behartuta daudenek Internet bidez egin beharko dute izapidea.
Laguntzak ez dira automatikoki emango. Baldintzak betetzen dituzten eskaerak deialdiaren oinarrietan jasotako irizpideen arabera baloratuko dituzte, eta puntuazioaren arabera banatuko dituzte diru-laguntzak, aurrekontua agortu arte.