Omenaldian Udalbatzako ordezkariek parte hartuko dute, eta Iban Rodriguez Etxebarria alkateak lore-sorta bat jarriko du eskulturaren aurrean. Ondoren, bertaratutakoek minutu bateko isilunea egingo dute biktimen oroimenez, Udal Kontserbatorioaren musika-emanaldiagaz lagunduta.
2010etik ospatzen den eguna
Euskadin 2010etik ospatzen da Memoriaren Eguna, azaroaren 10ean. Urte hartan, euskal erakundeek data hori aukeratu zuten terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak gogoratzeko eta aitortzeko. Eguna aukeratzeko arrazoia izan zen ordura arte azaroaren 10ean atentatu hilgarririk gertatu ez izana.
Ordutik, biktimen memoria bizirik mantentzeko eta giza eskubideetan, errespetuan, justizian eta askatasunean oinarritutako bizikidetza aldarrikatzeko eguna da.
Leioako Udalak herritarrei omenaldian parte hartzeko deia egin die, biktimen duintasuna aitortzearen eta belaunaldi berriei bakean eta askatasunean bizitzearen garrantzia helaraztearen alde.