Kontseiluan ikastetxeek, familiek eta ikasleek ez ezik, herriko kultura- eta kirol-elkarteek, aisialdiko eragileek eta bestelako kolektiboek ere parte hartzea aurreikusten da. Izan ere, Udalaren planteamenduaren arabera, hezkuntza ez da ikasgeletara mugatzen, eta herriko beste hainbat eragilek ere badute zeresana umeen eta gazteen garapenean.
Kontseilu berriaren zereginen artean, besteak beste, Leioako hezkuntza-beharrak aztertzea, aukera-berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko proposamenak egitea, eta euskararen erabilera bultzatzeko ekimenak lantzea daude. Horrez gain, hezkuntza eta herriko kultura-, kirol- eta aisialdi-jarduerak lotzea izango du helburu, baita gazteen parte-hartzea eta etorri berrien integrazioa sustatzea ere.
Hala ere, kontseiluak ez du erabakiak hartzeko ahalmenik izango. Kontsultarako eta parte-hartzerako organoa izango da; hau da, Udalari proposamenak eta txostenak aurkeztu ahal izango dizkio, baina haren gomendioak ez dira lotesleak izango.
Herritarrek ere ekarpenak egin ahal izango dituzte
Kontseilua sortzeko prozesua martxan jarrita, Udalak 30 egun balioduneko jendaurreko informazio-aldia zabaldu du, azaroaren 11tik aurrera.
Epe horretan, interesa duten herritarrek, elkarteek eta bestelako kolektiboek kontseiluaren araudi-proiektua kontsultatu eta alegazioak edo proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, behin betiko onartu aurretik.
Horrela, Leioako hezkuntzaren inguruko erabakietan herriko eragileen iritziak eta beharrak kontuan hartzeko beste bide bat zabaldu gura du Udalak.