12:00etatik 14:00etara, umeentzako sukaldaritza-tailerra, trivial ibiltaria eta argazkiak ateratzeko gunea izango dira. Jarduera guztiak irekiak izango dira, aurretik izena eman beharrik barik. Familia osoarentzako prestatutako egitaraua 12:00etan hasiko da, lehiaketaren eremu berean, eta 14:00etara arte luzatuko da. Etxeko txikienek sukaldaritza-tailer batean parte hartzeko aukera izango dute, errezeten eta elikagaien mundura modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzeko.

Horrez gain, Leioari buruzko trivial ibiltaria antolatuko dute, herritarrek udalerriaren inguruan zenbat dakiten probatzeko. Leioaren 500. urteurreneko photocall-a ere egongo da, lagunakaz edo senideakaz argazkiak atera eta eguneko oroigarri bat izateko.
Gastronomia eta herriko ohiturak elkartzeko aukera
Leioako Zaporeak ekimenaren laugarren hitzordua izango da zapatukoa. Aurreko hirurak Irakatsi Jan, Aldatz Gane eta Errotaondo txokoetan egin dituzte, herriko errezetak, produktuak eta sukaldaritzari lotutako ezagutzak belaunaldien artean partekatzeko helburuagaz.
Oraingoan, ordea, ekimena kalera aterako dute, Putxera Lehiaketaren jai-giroagaz bat egiteko. Gainera, aurreko saioetan ez bezala, ez da beharrezkoa izango izena ematea: Donibanera hurbiltzen den edonork parte hartu ahal izango du antolatutako jardueretan.