Lehenengoa ostalaritzari eta enologiari buruzko ikastaro intentsiboa izango da, azaroaren 23tik 26ra, 15:00etatik 18:45era. Parte-hartzaileek taberna eta jatetxeetako zerbitzuaren oinarriak landuko dituzte, baita bezeroei arreta emateko teknikak ere. Horrez gain, garagardoa behar bezala zerbitzatzen, ardoak aurkezten eta kafeak zein freskagarriak prestatzen ikasiko dute, besteak beste.
Bigarren ikastaroa, berriz, elikagaiak manipulatzeko txartela lortzera bideratuta egongo da. Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean egingo dute, 15:00etatik 18:00etara. Sei orduko prestakuntzan, elikagaien higienea, kutsadura saihesteko neurriak, osasun-arauak eta indarrean dagoen araudia landuko dituzte.
Nola eman izena?
Bi ikastaroak doakoak dira, eta ostalaritzan daborduko lanean ari direnentzat zein sektorean hasi gura dutenentzat daude zabalik. Hala ere, plaza kopurua mugatua da.
Parte hartu gura dutenek Behargintza Leioaren bidez eman dezakete izena edo informazio gehiago eskatu. Horretarako, Mendibil kaleko 3. zenbakian dagoen bulegora jo dezakete, 944 00 80 51 telefono-zenbakira deitu edo behargintza@leioa.eus helbidera idatzi.