Laguntzak askotariko jardueretarako erabili ahal izango dira. Besteak beste, genero-berdintasuna, autoestimua, kulturartekotasuna eta hizkuntza-aniztasuna lantzeko tailerrak antolatu ahal izango dituzte ikastetxeek. Euskararen erabilera bultzatzeko kanpainak ere diruz lagundu ahal izango dira, baina ez euskara ikasteko edo hizkuntza indartzeko eskolak.
Horrez gain, ume eta gazteen artean arrisku-egoerak prebenitzeko ekimenek ere izango dute lekua deialdian. Horien artean daude alkoholaren eta drogen kontsumoari buruzko prebentzio-jarduerak, teknologia berrien erabileragaz lotutako arriskuei aurre egiteko proposamenak eta sexualitateari buruzko informazioa eskaintzeko egitasmoak.
Zenbat diru jaso daiteke eta nola eskatu?
Udalak 40.000 euroko aurrekontua prestatu du laguntzetarako. Proiektu bakoitzak bere kostuaren % 80ra arteko finantzaketa jaso ahal izango du, gehienez 1.800 euro. Eskabideak Leioako ikastetxe publikoek eta itunpekoek aurkeztu ahal izango dituzte, baita ikasleen guraso-elkarteek ere.
Eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izango da, deialdiaren laburpena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Izapideak Leioako Udalaren egoitza elektronikoan egin beharko dira, Izapideen katalogoa – Hezkuntza – Interes Bereziko Proiektuak atalean.
Eskabideagaz batera, proiektuaren memoria aurkeztu beharko da, helburuak, jarduerak, datak eta aurrekontua zehaztuta. Proposamenak baloratzerakoan, ikasleen parte-hartzea eta ikastetxeen eta familien arteko elkarlana ere kontuan hartuko dituzte.
Dirulaguntza jasotzen dutenek 2027ko ekainaren 16tik 30era izango dute egindako jarduerak justifikatzeko epea.