Leioako ikastetxeek 1.800 eurora arteko laguntzak eskatu ahal izango dituzte hezkuntza-proiektuetarako

Dirulaguntza jasotzen dutenek 2027ko ekainaren 16tik 30era izango dute jarduerak justifikatzeko epea. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak 40.000 euro bideratuko ditu 2026-2027 ikasturtean bizikidetza, berdintasuna, euskararen erabilera eta bestelako balioak lantzen dituzten hezkuntza-proiektuak laguntzeko. Herriko ikastetxe publikoek, itunpekoek eta guraso-elkarteek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak, eta proiektu bakoitzak gehienez 1.800 euro jasoko ditu.

Laguntzak askotariko jardueretarako erabili ahal izango dira. Besteak beste, genero-berdintasuna, autoestimua, kulturartekotasuna eta hizkuntza-aniztasuna lantzeko tailerrak antolatu ahal izango dituzte ikastetxeek. Euskararen erabilera bultzatzeko kanpainak ere diruz lagundu ahal izango dira, baina ez euskara ikasteko edo hizkuntza indartzeko eskolak.

Horrez gain, ume eta gazteen artean arrisku-egoerak prebenitzeko ekimenek ere izango dute lekua deialdian. Horien artean daude alkoholaren eta drogen kontsumoari buruzko prebentzio-jarduerak, teknologia berrien erabileragaz lotutako arriskuei aurre egiteko proposamenak eta sexualitateari buruzko informazioa eskaintzeko egitasmoak.

Zenbat diru jaso daiteke eta nola eskatu?

Udalak 40.000 euroko aurrekontua prestatu du laguntzetarako. Proiektu bakoitzak bere kostuaren % 80ra arteko finantzaketa jaso ahal izango du, gehienez 1.800 euro. Eskabideak Leioako ikastetxe publikoek eta itunpekoek aurkeztu ahal izango dituzte, baita ikasleen guraso-elkarteek ere.

Eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izango da, deialdiaren laburpena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Izapideak Leioako Udalaren egoitza elektronikoan egin beharko dira, Izapideen katalogoa – Hezkuntza – Interes Bereziko Proiektuak atalean.

Eskabideagaz batera, proiektuaren memoria aurkeztu beharko da, helburuak, jarduerak, datak eta aurrekontua zehaztuta. Proposamenak baloratzerakoan, ikasleen parte-hartzea eta ikastetxeen eta familien arteko elkarlana ere kontuan hartuko dituzte.

Dirulaguntza jasotzen dutenek 2027ko ekainaren 16tik 30era izango dute egindako jarduerak justifikatzeko epea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun