Egitaraua

Leioako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu azaroaren 25erako

Laura Fontalba Colomo

Aurten ere, ikastetxeak izango dira elkarretaratzearen protagonistak. 

Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren esparruan, Udalak hainbat jarduera antolatu ditu hurrengo asteetarako. Helburua gizarte-sentsibilizazioa indartzea, indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzea eraildako emakume guztien oroimena bizirik mantentzea da.

Azaroaren 25ean, udal-ordezkariek, ikastetxeek eta herritarrek ekitaldi nagusian parte hartuko dute. Udalak dioenez, goizeko 11:30ean, Boulevardean, indarkeria matxistaren ondorioz eraildako emakume, neska eta gazteen omenezko ekitaldi sinbolikoa egingo dute. Bertaratzen diren pertsonek lore bat jasoko dute, eta, ondoren, ekitaldiaren erdian jarriko den puntu lila handi baten gainean utziko dute. Lore bakoitza uztean, biktima baten izena esango dute, euren oroimena gogora ekarriz. 

Horrez gain, egitarauak hainbat hezkuntza-, kultura- eta sentsibilizazio-jarduera izango dituela aurreratu du Udalak, adin-talde desberdinei zuzenduta, sexu-indarkeriaren prebentzioari eta gazteekaz egin beharreko lanari arreta berezia eskainiz. Besteak beste, sexu-indarkeriari buruzko erakusketa bat, bisita gidatuak, hezkuntza-jarduerak, antzerkia, dokumental baten proiekzioa eta gazteei zuzendutako autodefentsa feministako tailer bat antolatuko dituzte.

Horregaz batera, jarduerak herriko kale eta gune publikoetara ere helduko direla adierazi du Udalak. Hainbat tokitan mihiseak eta banderolak jarriko dituzte, informazio-programak banatuko dituzte, eta udal-eraikinetako zoruetan eta Leioako hainbat gunetan puntu lilak jarriko dituzte, indarkeria matxistaren ondorioz eraildako emakumeen izenekaz. 

Egitaraua:

Azaroaren 21ean eta 28an

  • 10:00-14:00  Autodefentsa feministako tailerra, LAKETen. 10 eta 14 urte bitarteko neska eta gazteentzat. Izen-ematea: laket@leioa.eus.

Azaroak 23, astelehena

  • Ordua zehazteke 1724 noches dokumentalaren proiekzioa. Sexu-indarkeriari buruzkoa. Lekua zehazteke.

Azaroaren 23tik abenduaren 10era

  • Udal Liburutegiko erakusketa bibliografikoa, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan.

Azaroak 25, eguaztena

  • 11:30  Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze instituzionala, Leioako Boulevardean. Ikastetxeen parte-hartzea, testuen irakurketa eta indarkeria matxistaren ondorioz eraildako emakumeen eta adingabeen omenezko lore-eskaintza.

Azaroak 27, barikua

  • 20:30 Mi tercer acto antzezlana, Kultur Leioako auditoriumean.

Abenduaren 3tik 9ra

  • 18:00-20:00 Sexu-indarkeriaren prebentzioari buruzko erakusketaren bisita gidatua. Kultur Leioan. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun