Leioako Argazki Lehiaketako 148 argazkiak daborduko ikusgai daude

Argazkiak azaroaren 22ra arte egongo dira Kultur Leioako erakusketa-aretoan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Argazki Lehiaketak baditu aurtengo irabazleak. Guztira, 57 lagunek euren lanak aurkeztu dituzte, eta bost izan dira sarituak. Orain, herritarrek aukera izango dute lehiaketako argazki guztiak gertutik ezagutzeko, azaroaren 22ra arte, Kultur Leioan.

Askotariko begiradak eta istorioak bildu ditu aurten Leioako Argazki Lehiaketak. 39. edizioan, 57 argazkilarik hartu dute parte, eta 148 irudi aurkeztu dituzte guztira. Epaimahaiak bost lan aukeratu ditu, bakoitza bere kategorian, baina gainerako argazkiek ere izango dute lekua Kultur Leioako erakusketan.

Koloretako argazkien artean, Javier P. Fernandez Ferrerasen Jawi lana izan da irabazlea; zuri-beltzeko kategorian, berriz, Jose Miguel Romero Barcoren Ormaiztegi argazkia nagusitu da. Argazki-serie onenaren saria Egoitz Maeso Gallegok eskuratu du, En la orilla I, II y III lanagaz.

Tokiko saria Joaquin Gefaell Le Monnierrentzat izan da, Beso al eclipse solar argazkiari esker. Herritarrek ere izan dute euren gogokoena aukeratzeko aukera, eta haien botoek Begoña Mourin Mendezen Dulce vida lana saritu dute.

Aurtengo lehiaketak Leioatik kanpoko argazkilariak ere erakarri ditu. Parte-hartzaileen artean, 14 leioaztar izan dira, 32 Euskadiko beste udalerri batzuetakoak eta 11 Estatuko hainbat txokotatik etorritakoak.

Saritutako lanak ikusi gura dituztenek, edo gainerako parte-hartzaileen argazkiak ezagutu gura dituztenek, azaroaren 22ra arte izango dute horretarako aukera Kultur Leioako erakusketa-aretoan. Izan ere, lehiaketara aurkeztutako 148 argazkiak daude bertan ikusgai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun