Gatazkaren erdigunean hirugarren solairuaren berrirekiera dago. Urriaren 27an jarri zuten berriro martxan, baina sindikatuek salatu dutenez, ez diote langile-talde propiorik esleitu. Horren ordez, beste unitate batzuetako profesionalak lekualdatu dituzte, eta horrek gainerako solairuetako lan-karga ere handitu duela ohartarazi dute.
Langileen ordezkariek azaldu dutenez, gaueko txandan erizain bakarra dago 150 egoiliar artatzeko. Egoera horrek oinarrizko zaintzak atzeratzea, egoiliarrak mugitzeko zailtasunak eta erorikoen arriskua handitzea ekar dezakeela ohartarazi dute. Horregatik, lan-baldintzak hobetzeaz gain, egoiliarrei arreta egokia eta segurua bermatzea ere aldarrikatu dute.
16 lanpostu gehiago eskatu dituzte
Enpresa-batzordeak 16 lanpostu gehiago sortzea eskatu dio Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeari (GUFE). Zehazki, erizaintzako lanpostuak 14tik 17ra igotzea proposatu du; osasun-laguntzaileenak, 89tik 93ra; garbiketa eta zerbitzuetako langileenak, 44tik 52ra; eta administraziokoak, bitik hirura.
Horrez gain, erizaintzako txandak berrantolatzeko proposamenaren aurka agertu dira sindikatuak. ELAren arabera, hiru txandatik bira igarotzeak soldatak % 12,79 murriztea ekarriko luke, baita urtean lanegun gehiago egitea ere.
Sindikatuen eskaera nagusia lanpostuen zerrenda berrikusteko negoziazioa abiatzea da, egoitzaren benetako beharretara egokitzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, baliabideak beharren arabera egokituko dituela adierazi du.
Mobilizazioak, gainera, ez dira amaitu. SATSEk beste elkarretaratze bat iragarri du azaroaren 19rako, 11:30ean, Bilboko Telesforo Aranzadi kalean, langileen aldarrikapenak plazaratzen jarraitzeko.