Proiektua bi fasetan garatuko dute. Lehenengo urtean, Leioako natura eta bertako espezieak ezagutzea izango dute helburu. Horretarako, jarduera praktikoak egingo dituzte herriko berdeguneetan; besteak beste, Udaleko lorezaintza-langileek lagunduta. Horrela, ingurune naturala bertatik bertara ezagutzeaz gain, berdeguneak zaintzeko egiten den lana eta biodibertsitatea babestearen garrantzia ikasiko dituzte.
Bigarren urtean, berriz, ikasitakoa praktikan jartzeko unea helduko da. Umeek ingurumenagaz lotutako ekintza bat diseinatu eta proposatuko dute, euren ideietatik eta ikuspegitik abiatuta. Hala, ez dira natura ezagutzera mugatuko, herriko ingurunea hobetzeko aukera ere izango baitute.
Umeen ahotsa udalerriko erabakietan
Gaur, azaroaren 20an, Umeen Munduko Eguna dela aprobetxatuta, Leioako Udalak gaztetxoen parte-hartzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, Umeen Kontseilua herriko txikienen iritziak, kezkak eta proposamenak udal-bizitzan txertatzeko sortutako gunea da.
Udalaren arabera, helburua umeak komunitateko kide aktibo gisa aitortzea, eta euren inguruan eragina duten gaietan parte hartzeko aukera eskaintzea da.