EUSKARAREN EGUNA

Bi asteko egitaraua prestatu dute Leioan Euskararen Eguna ospatzeko

Azaroaren 27 eta abenduaren 10 bitartean, euskeraz gozatzeko ekintzak egingo dira Leioan.

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, baina Leioan ez dira egun bakarrera mugatuko. Udalak ia bi asteko egitaraua prestatu du, euskara kalera atera, praktikatzeko aukerak sortu eta euskal kulturaz gozatzeko. Azaroaren 27an hasi eta abenduaren 10era arte, adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak izango dira.

Lehen hitzordua azaroaren 27an izango da, 18:00etan, Barandiaran Behekoa Institutuko karpan. Bada Giroren urteurrenaren ospakizunaren barruan, Ustekabe txarangak eta Vithyk euskal musikaz girotuko dute arrastia.

Abenduaren 1ean, berriz, Jon Maiaren txanda izango da. 18:30ean, Udal Euskaltegian, hizkuntzaz, identitateaz eta bizitzaz hausnartzeko hitzaldia eskainiko du. Euskaraz ez dakiten herritarrak ere gonbidatuta daude.

Euskaraz egiteko eguna

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Berbodromoa izango da protagonista. Euskaraz berba egiteko eta beste herritar batzuekaz elkartzeko bi saio antolatu dituzte, 10:30ean eta 18:30ean. Parte hartzeko, aurretik izena eman beharko da. Eguna Euskaldungak bakarrizketa-ikuskizunagaz amaituko da.

Hurrengo egunean, abenduaren 4an, Kultur Leioak hartuko du lekukoa. 17:30ean, Sorgina Txirulinaren Eguberri on! ikuskizuna izango da, euskaraz ez dakiten familiei eta 5 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta. Ordu berean, euskaraz dakiten gurasoek seme-alabakaz hizkuntza praktikatzeko tailerra izango dute. Gainera, 10 urtetik gorako ume eta gazteek Izena duen guztia omen da ihes-gelan parte hartzeko aukera izango dute.

Egunari amaiera emateko, Metrokoadroka konpainiak Bi baso bat ur antzezlana taularatuko du Kultur Leioako Auditoriumean, 20:30ean. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai.

Zinema eta hausnarketa ere bai

Abenduaren 5ean eta 6an, euskarazko zinemak hartuko du protagonismoa Kultur Leioan. Hilaren 5ean, 17:30ean, umeentzako Rufus, igeri egiten ez zekien sugea filma emango dute; 20:00etan, berriz, helduentzako Iñurritsuak izango da ikusgai. Sarrerek 4 edo 5 euro balioko dute.

Egitarauari amaiera emateko, abenduaren 10ean, Gari Goikoetxeak Berpiztu ala hil? hitzaldia eskainiko du Anbigunen. Hizkuntzaren, identitatearen eta gizartearen arteko harremanez hausnartzeko aukera izango da, oraingoan euskaraz dakiten herritarrei zuzenduta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun