"Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean?". Galdera horiek egin ditu Leioako Udalak azaroaren 25aren harira zabaldutako adierazpenean, herritar bakoitzak indarkeria matxistaren aurrean duen erantzukizunaz hausnartzeko.
Udalak ez dela nahikoa indarkeria gaitzestea agerikoa denean azpimarratu du. Egunerokoan ere errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, jarrera matxistak zalantzan jartzea eta gero eta zabalduago dauden diskurtso misoginoei zein negazionistei aurre egitea beharrezkotzat jo du.
"Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak", adierazi du Udalak.
Leioa seguruago bat eraikitzeko konpromisoak
Adierazpenagaz batera, Udalak hainbat konpromiso hartu ditu. Besteak beste, indarkeria matxistaren forma berriei, hala nola indarkeria digitalari, aurre egiteko sentsibilizazio-kanpainak garatuko ditu, baita umeei eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak ere.
Era berean, mutilak eta gizonak indarkeria matxistaren prebentzioan inplikatzeko ekimenak sustatuko ditu, eta indarkeria jasan duten emakumeei arreta zein babesa ematen jarraituko du, euren erabakiak eta eskubideak errespetatuz.
Bestalde, udalerriko gune ez-seguruak identifikatzeko diagnostikoa egingo du, Leioan espazio seguruagoak sortzeko asmoz.
Azkenik, azaroaren 25aren harira antolatutako mobilizazioetan eta ekitaldietan parte hartzera animatu ditu herritarrak, indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzea guztion ardura dela gogorarazita.