Neurriaren berezitasun nagusia lokal horietatik sortutako etxebizitzak ez direla merkatu librera bideratuko da, udal-etxebizitza tasatuak izango baitira. Gainera, babespeko izaera horri betiko eutsiko diote.
Udalak hainbat baldintza ezarri ditu erabilera-aldaketa egin ahal izateko. Kale-mailan dauden lokalen kasuan, esaterako, merkataritza-eremuetatik kanpo egon beharko dira, herriko merkataritza-jarduera babesteko.
Era berean, lokalaren gaineko solairu guztiak etxebizitzetara bideratuta egon beharko dira, eta aurrean duten kaleak gutxienez bost metroko zabalera izan beharko du, larrialdiren bat izanez gero suhiltzaileak bertara sartu ahal izateko. Zarata-mailari buruzko baldintzak ere bete beharko dituzte, eta uholde-arriskua duten eremuetatik kanpo egon.
Beheko solairuetako lonjez gain, eraikinetako solairuarteetan eta lehen solairuetan dauden lokalak ere etxebizitza bihurtu ahal izango dira. Kasu horietan, irisgarritasuna bermatu beharko da, eta ezingo da etxebizitza berririk sortu igogailurik ez duten solairuetan.
Baserri bakoitzean, gehienez lau etxebizitza
Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketak beste aukera bat ere jasotzen du: baserriak zatitzea, eraikin berean etxebizitza gehiago sortzeko. Hala, baserri bakoitzean gehienez lau etxebizitza egokitu ahal izango dira.
Bestalde, eraikin berrietako aparkalekuei, balkoiei, terrazak egiteko baldintzei eta fatxaden aldaketei buruzko hainbat neurri ere jaso dituzte dokumentuan.
Oraingoz, araudiak hasierako onespena baino ez du jaso. Hurrengo urratsa dokumentua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea izango da. Ordutik aurrera, herritarrek 30 egun baliodun izango dituzte alegazioak aurkezteko.