Leioako alkatea auzoz auzo ibiliko da abenduan, herritarren kezkak entzuteko

Topaketak auzoka antolatu dituzte.

Abenduaren 1etik 17ra bitartean, Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak zortzi topaketa egingo ditu herritarrekaz, Alkatearekin Partekatzen programaren barruan. Leioaztarrek udalerriko proiektuen berri jasotzeko eta euren kezkak, zalantzak eta proposamenak alkateari zuzenean helarazteko aukera izango dute.

Aurreko edizioetan bezala, topaketak auzoka antolatu dituzte, herritarren parte-hartzea errazteko eta auzo bakoitzaren beharrizanei erreparatzeko. Bilerek ordu eta erdiko iraupena izango dute gehienez. 

Lehenengo bi topaketak San Bartolomeko Txokoan izango dira, 18:30ean. Abenduaren 1ean Artatza, San Bartolome, Telleria, Basañese eta Peruriko bizilagunen txanda izango da; hilaren 2an, berriz, Aldekoena, Larrakoetxea, Artatzagana, Santimami, Santsoena, Sarriena, Periodistas eta Mardoenakoena. Abenduaren 3an, alkatea Pinuetako bizilagunakaz elkartuko da, 18:30ean, Gaztelubide Txokoan.

Abenduaren 10ean bi saio egingo dituzte Leioako Behargintzan: 17:30ean, Iturribide, San Juan, Monte Ikea eta Mendibileko bizilagunakaz; eta 19:00etan, Kandela Zubieta eta Iparragirre zeharkalekoakaz.

Hilaren 14an, Udondo, Ondiz, Aketxe, Begoñako Ama eta Txorierriko bizilagunak elkartuko dira Ondiztorren, eta hurrengo egunean, abenduaren 15ean, Lamiako-Txopoeta eta Ibaiondokoak Lamiako Eskolan. Bi saioak 18:30ean hasiko dira.

Azken hitzordua abenduaren 17an izango da, 18:30ean, Kultur Leioan. Bertara Elexalde, Iparragirre, Sabino Arana, Luis Bilbao Libano, Independentzia eta Leioandiko bizilagunak gonbidatu dituzte.

Aurretik izena eman beharko da

Parte hartu gura dutenek 688 736 136 telefono-zenbakira deitu beharko dute izena emateko. Hala ere, izena eman barik bertaratzen direnek ere parte hartu ahal izango dute, iritsiera-hurrenkeraren arabera eta aretoan lekurik badago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun