EBBk salatu du EAJkoa ez den zenbait pertsonak boto-paper jeltzaleak kendu eta beste hautagaitza batenak (EH Bildu) sartu dituela etxebizitzetako postontzietan. EAJren EBBren Facebook gunean egindako salaketa hori Hauteskunde Batzarraren aurrean berresteko asmoa azaldu du EBBk. Euzkadi Buru Batzarrak dio ustezko ezezagunek EAJren "balizko boto-emaileak nahastea eta haiei ziria sartzea lortu egin" dutela. EAJk "penagarritzat" jo du ustezko "ekintza" hori, "datorren lekutik datorrela". "Tamalgarria, demokraziaren aurkakoa eta joko zikina" da, jeltzaleen ustez.
Bestalde, boto-emaile jeltzaleei eskatu diete bozkatu aurretik etxera heldu zaizkien boto-paperak azter ditzaten, udalerriaren izena edo Batzar Nagusietarako barrutia zuzen daudela baieztatzeko. Kasu honetan, Lemoiz eta Busturia-Uribe. Erratutako boto-papera ematekotan, botoa baliogabea litzateke.