Jatako zabortegia 2014ko urtarrilaren 1etik egon da geldirik, eta aurrerantzean Bizkaiko hiri hondakinak hartuko ditu, bederatzi hilabetez, Tratamendu Mekaniko Biologikoa jaso ondoren.
Bizkaiko Foru Aldundiaren oharrak ez du zehazten zein izango den lekualdatutako hondakin kopurua. Hala ere, "El Correo" egunkariak zabaldu duenez, egunean 450-480 tona artean jasoko du Jatako zabortegiak, Aldundiko Ingurumen saileko ordezkari batek egunkari horri aitortu dionez. Hala, bederatzi hilabetez aurreikusten denez hondakinok Lemoizeko biltegira eramatea, astearen bost egun eta erditan (astelehenetik zapatu eguerdira bitarteko erreleboetan), denera 100.000 tona zabor inguru hartuko ditu Jatako zabortegiak.