Esteban Gaubekak eta Pablo Fustok atzo aukeratu zituzten finalerako pilotak. Bertan Gaubekak baloratu zituen txapela janzteko dituen aukerak. Bere ustez, argentinarrak "tarte zabalak irekitzen ditu" horman ezkerreko eskuagaz. Horregatik, etekin handia atera diezaioke Fustok eskumako eskuan pasa den asteko eguaztenean pairatutako lesioari. Xabier Ibargaraigaz izandako entrenamenduaren azken tantoan, Errazuko atzelariak istripuz palagaz kolpatu zion hatz lodian. Fustok atzo onartu zuenez "pasa den astean oso txarto pasatu nuen. Ez nekien jolasterik izango nuen". Halere, daborduko eskua "hobetuta" duela azaldu zuen, "eta gehiago osatzeko astia" ere baduela gogorarazi zuen.
Materialaren aukeraketan, Armintzako aurrelaria gustura geratu zen bere hautapenagaz: "nire pilotak zuriagoak dira, gustatzen zaizkidanak; Fustorenak, ostera, horiak dira, zimelduak". Gaubeka gogotsu dago, Fustogaz izango duen laugarren norgehiagoka hasteko. Oraingoz, argentinarrak bitan irabazi du eta armintzarrak behin. "Partida ona izango da eta espero dut jendea etortzen animatzea. Uste dut sasoian nagoela eta txapelketa maitasun handiz prestatu dut" dio Gaubeka.