Lehiatu gura dutenek honako probak izan dituzte aukeran: 10 eta 22 kilometroko trailak, mendi-bizikletako 22 kilometroko lehiaketa, eta 9,5 kilometroko txakur-krosa. Euren kabuz kirola egitea bakarrik gura izan dutenek, ordea, 9,5 eta 22 kilometroko martxetan izena eman ahal izan dute.
BKT elkartasun-ekimena da, eta horregatik Stop Sanfilippo Fundazioagaz batera egiten du behar. Stop Sanfilippo-k izen bereko sindromearen aurkako ikerketa bultzatzen du, osabidea edo tratamendua lortzeko helburuagaz. Horrez gainera, fundazioak gaixotasuna duten umeen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea gura du, gaixotasunaren ezagutza hedatzeagaz batera, diagnosi goiztiarrak egiteko. Bide horretan, Bizkaia Kosta Trailak domekan telefono zaharrak eroateko deia egin du, fundazioari emateko. Inskripzioa egin dutenek dortsala batu ahal izango dute goizeko 08:00etatik aurrera, Armintzako Portubide kalean. Handik ordubetera hasiko dira lehiaketako probak zein lehiaketatik kanpokoak.