Lemoizko zentral nuklearreko lurrak berreskuratzea gura dute Batzar Nagusiek

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 20a, 16:58
Lemoizko zentral nuklearra, gaur egun.

Bizkaiko Batzar Nagusiek ahalmena duten instituzioei, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Lemoizko Udala, udalerri horretako zentral nuklearrak okupatzen dituen lurrak berreskuratzeko "eman beharreko pausoak" eman ditzaten eskatzea onartu dute. EH Bilduk aurkeztu du horretarako mozioa, eta talde guztiak horren alde agertu dira, PP izan ezik, kontra bozkatu baitu.

EH Bilduk gogoratu duenez, iaz amaitu zen luzamendu nuklearra, "beraz, Iberdrolarentzat adostutako kalte-ordaina guztiz ordainduta geratu da". Indemnizazio horrek Iberdrolak Lemoizen egindako inbertsio osoa hartzen du kontutan; hala, "esan dezakegu orain bankuak erreskatatzen ditugun moduan, 1995ean Iberdrola erreskatatzen hasi ginen 20 urtez bere inbertsioa ordainduz", aipatu du Onintze Oleaga EH Bilduren batzarkideak gaurko osoko bilkuran, "Lemoizko zentral nuklear zaharraren lurrak eta instalazioak guztion artean ordaindu ditugu".

Javier Ruiz PPko kideak, bere aldetik, azaldu du bere taldea ez duela bat egiten proposamenagaz, baina, dioenez, eraikinaren etorkizunari lotutako "adostasun" batera heltzeko prest dago, 30 urteren ondoren "gero eta hondatuago dagoelako".

Ahal Dugu alderdiko Mikel Isasik, gainera, gogoratu du "logikoa" dela pentsatzea lur-eremu horiek herritarrentzat berreskuratu behar izatea, horrek daukan garrantzia sinbolikoa eta ekologikoa dela eta. PSE-EEko Ignacio Jeronimok, berriz, gogora ekarri du lur horien esleipena Iberdrolarena dela. Hala ere, eremu horren berreskurapenaren alde agertu da, Jesus Lekerikabeaskoa jeltzaleagaz batera.

Talde Mistoko Arturo Aldekoak, aldiz, baieztatu du gaia "juridikoa eta oso konplexua" dela; halere, mozioaren alde agertu da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun