Pottoka Eguna egingo dute etzi Lemoizen

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 3a, 09:00
Pottoka bat, neska bat eroaten. © POTTOKA PROIEKTUA

Pottoka Eguna ospatuko du domeka honetan Andrakako Goikomendi zaldi-klubak. Azken urteotan legez, bertoko aberea ezagutaraziko die zaldi-zaleei.

Domeka honetan, ekainak 5, Pottoka Egunaren laugarren edizioa hartuko du Lemoizko Goikomendi zaldi-klubak, Andrakako gainean. Ohi legez, hipika-taldeak berak antolatu du ekimena, Euskal eta Bizkaiko Hipika Federazioek, Lemoizko Udalak, Bizkaiko Pottoka hazleen elkarteak eta Bilboko Disc Dog klubak emandako laguntzagaz, azken hiru urteotako arrakastak bultzatuta.

Azoka eta erakusketa

Pottoka arrazako zaldien azoka eta erakusketa goizeko 10:00etan abiatuko dute. Handik aurrera, hainbat jarduera izango dira neska-mutilentzat, helduentzat zein familia osoarentzat. Hala, aukera izango da pottoka arrazako zaldiari buruzko erakusketa didaktikoa ikusi, umeentzako eskulan tailerretan parte hartu edo puzgarrietan jolasteko. Era berean, gura dutenek kortak ikusi, bertako tresnen erakusketa aztertu, eta paseoa eman ahal izango dute pottokakaz.

Pottoka Proiektua

Nagusiek pottoken erakustaldia izango dute aukeran, eta bertan zaldiak saltzen ahaleginduko dira hazleak.  Pottoka Proiektua zertan datzan azalduko dute, zaldi horientzako babes etxeak sortzea, alegia. Azkenik, Bilboko Disc Dog klubak disc-dog erakustaldia egingo du. Gainera, ohiko heziera erakutsiko dute zaldi-taldeko emakumeek. Ondoren, heziera naturalaren adibideak jarriko dituzte. Horren ostean, zaldiberri edo poni lehiaketa izango da; sari-emanaldiak emango dio amaiera egunari.

Pottoka eguna ez da Goikomendik arraza hori ezagutarazteko egiten duen ekimen bakarra. Lehen Hezkuntzako ikastetxeei “hezkuntza-esperientzia” eskaintzen die.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun