Lemoizko eskola hobetzeko proiektua martxan du Eusko Jaurlaritzak. Bertoko Udalagaz eta eskolagaz elkarlanean osatu dute egitasmoa; hala, eskola handitu eta estalitako patio bat egingo dute, baita instalazio batzuk hobetu ere.
Azpiegitura hobetuko eta handituko duten arren, proiektua ez dela "nahikoa" uste du Natxo Hormaetxea eskolako zuzendariak. Azaldu duenez, proiektu horregaz azpiegitura hobetuko da, baina benetan "beharrezkoa" dena eraikin berri bat dela aldarrikatu du. "Orain dela 14 urte, eskola zabaldu zenean, 13 ume ziren. Baina, urtez urte, kopuru hori handituz joan da, eta, orain, 91 ume ditugu. Eskola txiki gelditu da", azaldu du.
Jaurlaritzak garatuko duen proiektuagaz, eskolaren egoera "hobetu" egingo dela onartu du zuzendariak, "hainbat gabezia konponduko dira". Hala ere, horrez denaz gainera eskolak beste hainbat gauza behar dituela deitoratu du, "gimnasio bat behar dugu, baita gurasoekin egoteko gelatxoak ere, eta horrelakorik ez dugu izango". Euren beharrizanei aurre egiteko "partxe on" bat dela aitortu du zuzendariak; ostera, benetan gura dutena eskola berri bat dela aldarrikatu du.
Bestalde, guraso-elkartearen lehendakari Iñaki Martin Etxebarriak positiboki baloratu du egitasmoa; hala ere, etorkizunean jangelan bertoko produktuak zuzenean kontsumitu ahal izatea proposatu du.
Oraindino ez dute zehaztu noiz hasiko diren lanak, proiektua ez delako lehiaketara atera. Hala ere, Hormaetxeak jakinarazi duenez, proiektua Aste Santurako prest izatea aurreikusten du Jaurlaritzak. Horren ostean, obrak egin behar dituzten lurzatia ikusi eta lizitazioa atera beharko dute obrak abiatzeko. Horretarako, Udalak arau subsidiarioetan aldaketak onartzea beharrezkoa izan da, jolastoki berria lurzoru eraikigarrian egin ahal izateko. Gainera, eremu hori "garbitu" ere egin beharko du Udalak; hori maiatzean eginda egotea aurreikusi dute, "hori egiten ez badute, ezin delako lizitazioa atera".