Lemoizko zentralaren irekiera bertan behera geratu zen 1984ko moratoria edo luzamendu nuklearraren ondorioz, Valdecaballeros eta Trillo II zentralakaz batera. Orduan, hiru konpainia elektrikori, tartean Iberduerori, zentral horietan 2.300 milioi euroko inbertsioa egin izana aitortu zien espainiar Estatuak, eta, inbertsio horren kalte-ordain gisa, argindarraren ordain-agirietan hainbesteko bat gehiago kobratzeko baimena eman zien. Iturrien arabera, kopuruak aldatzen dira, "baina lasai asko esan dezakegu urte hauetan guztietan, 2.300 milioi euro haien truke, herritarrok 6.000 eta 9.000 milioi euro bitartean ordaindu ditugula argindarraren ordainagirien bitartez", deitoratu du talde ekologistak; "Lemoizko instalazioak geure patrikatik ordaindu ditugu, ederki ordaindu, gainera".
EAJk eta PPk egindako akordioaren ondorioz, euskal erakundeen esku egongo dira laster zentralak dituen lur-eremuak. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak instalazio horiek denak bere eginez gero gaizki egingo lukeela uste du Eguzkik. "Hainbeste urte pasa eta gero EAJk gai hau horrelako akordio batean sartu izanak Eusko Jaurlaritzak buruan proiektu zehatzen bat baduela aditzera ematen du", deitoratu dute ekologistek. Izan ere, azaldu dute aste honetan bertan zenbait komunikabidek Basordan akuikultura-proiektu bat eta Bimep kokatzeko aukera aipatu dutela.
Eguzki talde ekologistak ez ditu proiektu zehatz horiek baloratu, baina berretsi gura du zentralean edozer egiten dela ere, kala lehengoratzea beharrezkoa litzatekeela eta erabilera publikoa eman. Gainera, erabakia aldebakarra ez izatea eskatu dute, "ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorioa baizik".