Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da norbanakoen munduko pala-txapelketako finala. Aurretik, 18:00etatik aurrera, emakumezkoen Custom sariketaren finalean norgehiagoka jardungo dute lau pilotari gipuzkoarrek, gomazko paletakaz. Partiduan lehiatuko dira Larrarte eta Erasun, Goikoetxea eta Arrillagaren aurka. Dena prest dago Gaubeka eta Zubiri armintzarren arteko derbirako. Herenegun, pilotariak bertan izan ziren, materialak aukeratzeko. Inolako arazorik ez zen izan eta biek aitortu zuten finala heltzeko "irrikan" daudela. Gaubeka da faboritoa, beteranoa izategatik, baina finalera heltzeko lan izugarria egin du Zubirik.
Maisua, ikaslearen aurka
Erik Zubiri (24 urte) orain dela lau urte hasi zen profesionaletan jokatzen, Innpalagaz. Gaurkoa bere lehenengo finala izango da, banakakoan. Aldiz, "Oilarraren" kasuan, dituen 40 urteetatik azken 15ak eman ditu maila profesionalean, eta bere bosgarren txapelaren bila joango da. Halere, erronka berezi bat dauka: finala Miribillara mugitu zenetik inoiz ez du lortu txapela janztea. Lortu dituen txapelketak Bilboko Kirol Klubaren egoitzan lortu zituen, Errekaldeko zumardi-kalean. Zubirik onartu duenez, "ohorea" da Gaubekaren aurka lehiatzea, "txikia nintzenetik erreferentea" izan baita gaztearentzat. Bestalde, beteranoak ohartarazi du daborduko "maisua eta ikaslea os berdinduta" daudela, Zubirik "asko hobetu duelako azken urtean. Lasaiago dabil kantxan".