Esteban Gaubeka: "Ea binakakoan banakako finala errepikatzeko aukera dagoen"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko ots. 17a, 10:01
Gaubeka eta Zubiri, Armintzako frontoian. HODEI TORRES - HIRUKA

Esteban Gaubeka Mendizabal (Armintza, 1977) pilotariak bere bosgarren txapela jantzi zuen Munduko Banakako Pala Txapelketan, joan den asteko barikuan. Erik Zubiri Moro (Armintza, 1993) herrikidea izan zuen arerio. Biakaz berba egin du HIRUKAk.

Aspaldiko harremana daukazue zuok biok. Lehia zuzena edukitzea bitxia egin zaizue?

ERIK ZUBIRI: Bai, lehendabiziko aldiz jokatu dut Estebanen kontra. Bitxia izan da, baina baita polita ere, aldi berean. Armintza herriko lagun bi finalera heltzea izugarria izan da.

ESTEBAN GAUBEKA: Niretzat ere esperientzia berria izan da. Sekula ez gara banakakoan elkarren aurka lehiatu; binaka bai, aldi nahikotxotan daborduko, baina banaka ez. Erikek dioenez, herriarentzat egoera berezia eta ederra izan da. Bera sailkatu zenetik, orain dela aste bi, jendeak dena eman du gure alde eta giro dotorea izan da gure inguruan.

Zuen zaleak pozik geratu dira finalagaz?

E.Z.: Bai, oso pozik. Frontoira joateko aukera izan zuten denak Bizkaia pilotalekura joan ziren, eta inguruko herrietatik ere haraino hurreratu ziren. Denek animatu zuten eta disfrutatu zutelakoan nago.

Partiduan, 98 minutuan, 499 pilotakada eman zenituzten.

E.G.: Partidu izugarria izan zen, batez ere final bat izateko. Esan ohi da finalak ez direla hain politak. Telebista dator eta, ez dakit zergatik, ez da ikusten lehiarik. Ordu luze horren ondoren hilda amaitu nuen; Erikek ere bai, baina ni guztiz leher eginda egon nintzen. Biok zukutu genituen geure buruak. Jendeak partidu zoragarria ikusi zuen.

E.Z.: Ia ehun minutuko norgehiagoka izan zen. Binakakoetan ere ez da ematen halakorik; banakakoa izanda, meritu handiko partidua izan zen.

Esteban, pala erdiagaz ere joka daitekeela erakutsi zenuen.

E.G.: Partiduaren anekdotetako bat izan zen hori. Zaila izaten da, eta ikuslearentzat gehiago. Guri askotan hausten zaigu pala eta segitzea beste erremediorik ez daukagu. Normalean pilotakada bat edo bi asmatzen dugu; finalean nik hiruzpalau asmatu nituen. Ia ezinezko neukan tantoa egitea, ondo jo arren ez nuelako pilota mugitzen. Hala, lehenago ala beranduago Erikek lortu behar zuen tantoa. Baina polita geratu zen.

Erik, hurrengoan txapelik bai?

E.Z.: Baliteke. Txapelketa honetan bezala jokatuz, uste dut irabaz dezakedala txapelen bat.
Miribillako malefizioa apurtuta geratu da?

E.G.: Bai, kostatu zait. Aurretik irabazi nituen lau txapelak beheko frontoian izan ziren, eta arantza hori neukan sartuta. Finalerdietan edo finalean ibili naiz azken urteotan; aparteko tentsioa neukan, arantza hori atera eta Bizkaia frontoian txapela irabaztekoa. Azkenean posible izan da. Gainera, Eriken aurka eta horrelako partidu ederrean izateak ilusio handiagoa eman dit.

Hemendik aurrera zer asmo dituzue?

E.G.: Binakakoa hasiko dugu, Mungian. Beste txapelketa garrantzitsu bat izango da. Ez dugu bikote finkorik edukiko eta denok denokaz jardungo dugu. Ea banakako finala errepikatzeko aukera dagoen.

E.Z.: Nire kasuan, aurretiko partidu bi jokatu beharko ditut Necolen kontra, txapelketara sailkatzeko. Kanporaketa irabaziz gero ea lor dezakedan binakako txapelketa.

Herrian bada beste gazterik erreleboa emateko?

E.Z.: Iñaki Urrutia estreinatu da aurten. Eskolak eta pilota-elkarteak oso behar ona egiten dute eta uste dut jende gehiago etorriko dela.

E.G.: Ados. Ekain Mendizabalek daroa eskola, eta ondo dabil, Orueta ere badago, eta beste batzuk. Unda ere egon zen garai batean. Ez dakit Armintzakook zer daukagun, baina harrobi-kontuetan ondo gabiltza. Ea palari gehiago ateratzen den...

Maisua eta ikaslea, elkarri begira

Zorionak eman dizkio Erik Zubirik Esteban Gaubekari, lortu duen bosgarren txapelagatik. "Oso pozik nago berak irabazi duelako", azaldu du gazteak, eta gaineratu du: "Partiduan disfrutatu nuen". Gaubekak, berriz, eskertu du detailea eta Zubiri zoriondu du "egin duen txapelketa izugarriagatik". Txapeldunak gehitu duenez, "oraindino gaztea da, baina prest dago datorren urtean txapela janzteko berriro ere lehiatzeko. Hautagai sendoa da txapela eskuratzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun